ELIZA

Espainiako Gobernuak Elizaren "pribilegioei" eusteko borondatea duela salatu dute

PPren gobernuak hipoteka legea aldatzeko asmoa du, eta Eliza katolikoak ezingo ditu nahierara jarri ondasunak bere izenean. Balorazio "gazi-gozoa" egin du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformaren agerraldia, gaur. J. MANTEROLA, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko apirilaren 15a
07:41
Entzun

Orain arte, erregistrora joan eta elizgizon baten agiria aurkeztea aski izan du Elizak eraikinak bereganatzeko. Funtzionario baten egiaztagiriak adinako balioa zeukan Elizako ordezkariarenak. Nafarroan sortu du zalaparta handiena, Iruñeko Artzapezpikutzak mila ondasun baino gehiago bereganatu baititu 1998. urtetik 2007. urtera. Elizaren argudioa da "betidanik" izan direla bereak elizak eta bidezkoa dela bere izenean jartzea.

Espainiako Gobernuak, baina, hipoteka legea aldatzeko aurreproiektua aurkeztu du, eta Elizak galdu egingo du urteetan erabili duen abantaila hori. Justizia Ministerioak aitortu du Elizak "egoera aski berezia" zuela legean, eta homogeneizatzera joko duela. Aurrerantzean, Elizak ohiko prozedura baliatu beharko du, eta jabetza guztiak frogatu beharko ditu, beste edozein pertsonak bezala. 

Aurreproiektua "pozez" hartu du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak. "Izugarrizko garaipena" dela adierazi du plataformako presidente Carlos Armendarizek, urteetan zehar salaketak jartzen ibili ondotik, arrazoia eman dietelakoan. Halere, ez da erabat ase, eta nabarmendu du PPren gobernuak Elizaren jokabidea "konstituzioaren kontrakoa" izan dela onartu arte "tinko" jarraituko dutela lanean. Itxaropentsu mintzo da, uste baitu, gobernuak aitortza hori eginez gero, Elizak bereganatutako ondasunak berreskuratzea posible litzatekeela. Dena dela, "zail" ikusten du PP agintean dagoen bitartean halakorik gertatzea. Armendarizek salatu du gobernuak Eliza katolikoaren pribilegioak mantentzeko borondatea duela, eta horretarako "erraztasunak" eskaintzen dizkiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.