Tortura

Espainiako Gobernuak esan du ez duela modurik Billy el Niñori dominak kentzeko

Senatari batek galdetu du noiz hasiko den Espainiako Fiskaltza Francoren diktadurako krimen guztiak ikertzen, eta labur erantzun dio Pedro Sanchezen gobernuak: «Egungo legeek ez digute uzten [Gonzalez Pachecori] dominak kentzen».

Gonzalez Pacheco, 2013. urtean, Espainiako Auzitegi Nazionaletik irteten. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Andoni Imaz.
2020ko maiatzaren 12a
11:54
Entzun

Espainiako Gobernuak emandako erantzuna «lotsagarria» iruditu zaio Compromis alderdiko Carles Mulet senatariari: «Justizia bilatzea eragozten du». Izan ere, Pedro Sanchezen gobernuak konpromisoa hartua zuen Memoria Historikoaren Legea aldatu eta Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño torturatzaile frankistari dominak kentzeko. Kongresua eta Senatua sari horien dosierra aztertzen ari zirela hil zen Gonzalez Pacheco, iragan ostegunean. Ezaguna zen Francoren diktaduran eta hura hil osteko trantsizio garaian atxilotutakoak torturatzeagatik —tartean euskal herritar ugari—.  Epaiketarik gabe hil zen.

Hogeita hamar kereilatik gora aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik», haren eta beste lau polizia frankistaren aurka. Hala ere, Espainiako botere exekutiboak eta judizialak oztopatu egin izan dituzte haren aurkako ikerketak.

Valentziako (Herrialde Katalanak) senatariak Espainiako Gobernuari eskatu dio zehazteko noiz ekingo dion Espainiako Fiskaltza Nagusiak Francoren diktadurako krimen guztiak ikertu eta epaitzeari. Erantzun laburra jaso du: «Egungo legeek ez digute uzten [Gonzalez Pachecori] dominak kentzen». Hori ikusita, Muletek esan du PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak «koldar» jokatu duela, ez duelako adierazitako konpromisoa betetzeko «neurri zehatzik» hartu oraindik.

PSOEk eta Unidas Podemosek 2018ko aurrekontu akordioan jaso zuten polizia ohiari dominak kentzeko konpromisoa, baina, bi urte igarota, Espainiako Gobernuak ez du pauso hori eman. Areago, Unidas Podemosek eta PSOEk Billy el Niñoren zerbitzu orria ezagutaraztearen aurka egin zuten Espainiako Kongresuan aurtengo otsailean, EH Bilduren eskaera bat ezetsita. Haatik, Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak zehaztu zuen «zalantza juridikoak» zituztelako eman zutela kontrako botoa, eta, horiek argituta, gaia berriro aztertzearen aldeko botoa emango zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.