Gara egunkariak gaur argitaratu duenez, Espainiako Gobernuak eta ETAk, eta PSOEk eta Batasunak bilerak egin zituzten maiatzean, udal eta foru hauteskundeen kanpainan zehar, Europako hiri batean eta nazioarteko begiraleekin, eta txandaka egin zituzten batzarrak.
Maiatzaren 14an, 15ean, 16an eta 21ean izan ziren bilera horiek, Gara-ren arabera, eta ez ziren akordioetara iritsi. Egunkari hark dioenez, PSOEren eta Batasunaren arteko errei politikoan ados jarri ez zirelako hautsi ziren elkarrizketak. "PSOEren jarrera, batez ere, EAEko eta Nafarroako estatutuen erreformetara mugatu zen", dio egunkariak, "gehienez ere biharko egunean bi erkidegoen arteko organua eratzeko aukera jarriz".
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuaren presidenteorde eta bozeramaileak ukatu egin du bilera egin zutela, gaur Ministroen Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan esan duenez.
Maiatzaren 27an hauteskundeak izan eta astebete pasatxora su-eten iraunkorra hautsi zuen ETAk -2006ko martxoan aldarrikatu zuen-, eta Espainiako Auzitegi Gorenak espetxera bidali zuen Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramailea -urte batzuk lehenago Jose Miguel Berañan Argala ETAko kide zenaren aldeko omenaldian "terrorismoa goratzeagatik"-, eta, Espetxe Zuzendaritzaren aginduz, Iñaki de Juana presoa ospitaletik kartzelara eraman zuten -zigorra betetzera-.
Gara-k gaur dioenez, maiatzeko bilera haietan Batasunaren ordezkaritzako buru Otegi bera izan zen.
Espainiako Gobernuak eta ETAk, eta PSOEk eta Batasunak bilerak egin zituzten maiatzean
'Gara'-k gaur argitaratu duenez, hauteskunde kanpainan zehar Europako hiri batean eduki zituzten batzarrak, txandaka egiten zituzten, eta ez ziren akordioetara iritsi. Gobernuak gaur esan du ez zutela bilerarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu