Espainiako Gobernuak ez du onartuko estatuko instituzioek euskal herritarrek libre eta demokratikoki onartutako "etorkizun politikoa" errespetatzeko EAJk egin dion eskaera. Ostiralean aurkeztu zuen ebazpena EAJk, Espainiako Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ondoren. PSOEk dagoeneko jakinarazi du ez duela eskaera hori ontzat joko.
Bost puntu ditu erabaki eskubidearen ebazpen horrek. Lehenengoan, euskal herritarren nortasuna "Euskadi-Euskal Herria deituriko lotura sozial, historiko ekonomiko eta kulturaletan" oinarrituta dagoela dio. Bigarrenean, Espainiako Estatuko instituzioek euskal herritarrek libre eta demokratikoki onartutako "etorkizun politikoa" errespetatzeko eskatzen dio gobernuari. Hala, proiektu politiko guztiek defendagarri ez ezik, gauzagarriak izan behar dutela dio. Hirugarrenean, EAE eta beste eremu juridiko administratiboen artean gaitasun "legelari eta betearazlea" duten organoak sortzeko gaitasuna eskatzen du. Laugarrenean, nazioarteko legedietan jasotako eskubide guztiak eskatzen ditu euskal herritarrentzat. Eta, azkenik, egindako akordio guztiak, erreferendum baten ondoren, ordenamendu juridikoan sartzeko eskatzen du.
EAJk egunotan azaldu duenez, Gernikako Estatuaren garapenari jarritako oztopoak eta EAEko Estatutu berri baterako 2004an eginiko proposamena atzera bota izanak "mesfidantza" eragin du euskal herritarren artean. Hala, "konfiantza berreskura dadin", marko berri baterako proposamena egin dio Zapaterori.
Beste hamalau eskaera EAJk
Hain zuzen, gaur arratsaldean bozkatuko dituzte Espainiako Kongresuan eztabaidaren harira parlamentuko taldeek egindako proposamenak. EAJk beste hamalau ebazpen ditu aurkeztuta. Besteak beste, euskal selekzioak nazioarteko kirol erakundeetan sartzeko eskatu du, lan politika aktiboen eta pasiboen eskumena, lan ikuskaritzarena eta lanbide heziketaren eskumena, edota Trebiñu eta Villaverde Turtziozen herri kontsulta egin ahal izatea. Aipatutako horien artean, baliteke lan politika aktiboen eskumena baino ez onartzea.
2011ko udal eta foru hauteskunde emaitzetatik aterako diren gehiengo politikoak eta sozialak errespetatzeko eskaera ere egin du alderdi jeltzaleak.
EAJren arabera, eskaera horiekin konpromisoa agertu beharko du Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak, honek Espainiako 2011ko aurrekontuen bozei begira beharrezkoak dituen sei diputatu jeltzaleen botoak lortu nahi baditu.
Aurrekontuaren gastu muga onartuko du Kongresuak
Kongresuak onartu egingo du 2011ko aurrekontuen gastu muga. Izan ere, PSOEk (169 diputatu) proposamenaren alde bozkatzeaz gain, CiUk (hamar) eta CCk (bi) eguerdian iragarri dute abstenitu egingo direla. Hala, datorren urteko aurrekontua 122.256 milioi eurokoa izango da, 2010eko hasierakoa baino %7,7 txikiagoa.
politika
Espainiako Gobernuak ez du onartuko euskal herritarren erabaki eskubidea, EAJk hala eskatu arren
Gaur arratsaldean bozkatuko dituzte Kongresuan estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren ondoren parlamentuko taldeek egindako proposamenak. Espainiako 2011ko aurrekontuaren gastu muga onartuko dute, CiU eta CCren abstentzioari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu