ezker abertzalearen legeztatzea

Espainiako Gobernuak Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari igorriko dizkie estatutuak

Rubalcabak jakinarazi du neurria. "Ezker abertzaleak lehen aldiz ETAren indarkeria baztertu izana, erakundeen, Estatuaren, eta euskal eta Espainiako gizartearen irmotasunagatik lortu da". Zapatero gobernuburuak "zuhurtzia" eskatu du, PSOEko iturrien arabera.

2011ko otsailaren 7a
20:21
Entzun
Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak aztertu egingo dituzte ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuak, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak gaur arratsaldeko zazpiak aldera jakinarazi duenez. Gobernuak berak igorriko dizkie.

"Ezker abertzaleak lehen aldiz ETAren indarkeria baztertu izana, erakundeen, [Espainiako] Estatuaren, eta euskal eta Espainiako gizartearen irmotasunagatik lortu da", Rubalcabak uste duenez. "Bortxazko urte asko dira, eta Batasunaren sinesgarritasuna oso-oso txikia da. Bide asko dago egiteko, eta ETAk oraindik ez du bukatu".

PSOEko iturrien arabera, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak "zuhurtzia" eskatu du.

Hain zuzen, ezker abertzaleak gaur goizean aurkeztu ditu alderdiaren ezaugarriak eta estatutuak, Bilbon, eta indarkeria baztertu egiten duela esan du -ETArena barne- eta Espainiako Alderdien Legea beteko duela. Etzi joango dira Madrilera estatutuak erregistratzera, Barne Ministeriora. "Epaileek esango dute Batasunaren ilegalizazioa gainditu daitekeen estatutu horiekin", esan du Rubalcabak Tenerifen (Espainia).

Erregistro prozesuan Barne Ministerioan eskabide inprimakia bete behar da, eta akta notarial bat aurkeztu behar da, honako informazio hau agertuz: sustatzaileen nortasuna, behin-behineko zuzendaritza organoetako kideen nortasuna, egoitza soziala eta alderdiaren estatutuak. Barne Ministerioak hogei eguneko epea du erabakitzeko onartzen duen edo ez. Epe horretan legez kontrako zantzurik atzemango balu, txostena Fiskaltzaren esku utziko luke, tramitazioa bertan behera utziz.

Fiskaltzak ez badu legez kontrako zantzurik atzematen txostena Barne Ministeriora itzuliko du alderdi berria onar dezan. Zantzu horiek daudela uste badu auzitegira eramango du. Dena hogei eguneko epean. Legez kanpoko alderdi batekin lotutako auzia bada Espainiako Auzitegi Goreneko 61. salan aurkeztuko du inpugnazioa. Estatuaren abokatuak ere jar dezake inpugnazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.