Politika

Espainiako Gobernuak geratu du dagoeneko galdeketaren legea, helegitea sartuta

Gaur argitaratu du Eusko Jaurlaritzak EAEko Buletin Ofizialean legea, eta hau bertan behera uzteko eskatu dio Madrilek Auzitegi Konstituzionalari. Helegitearekin kontsulta behin-behinean geratu egin da, eta auzitegiak bost hilabete izango ditu erabakia hartzeko. PPk ere sartu du helegitea.

2008ko uztailaren 15a
15:45
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartu zuen galdeketaren legea indarrean jarri du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, gaur bertan argitaratu baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Buletin Ofizialean -8:45ean-, baina Espainiako Gobernuak ordu gutxira sartu du egitasmoaren kontrako helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, Estatuko Abokatuaren bitartez. Hala, legea behin-behinean geratu egin da -ofizialki, Konstituzionalak tramitera onartzen duenean geratuko da-.



Bost hilabetez egongo da etenda, Konstituzionalak epe hori izango baitu erabakia hartzeko. Beraz, urriaren 25ean, behintzat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da kontsulta egingo -horrako dago deituta-, Eusko Legebiltzarrak nahi zuen bezala. Bertan, indarkeriaren bukaera elkarrizketatuaz eta alderdi politikoen akordioaz galdetu nahi du.

"Komunitate Autonomoetako erakundeek onartutako xedapen eta ebazpenak Auzitegi Konstituzionalaren aurrean inpugnatu ahal izango ditu Gobernuak. Inpugnazioak, helegitea jarri zaion xedapena edo ebazpena bertan behera utziko du, baina Auzitegiak, bere kasuan, hura berretsi edota kendu beharko du, bost hilabete baino handiagoa ez den epean", dio, besteak beste, Estatuaren Abokatuak aurkeztutako helegiteak, Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikulua espresuki aipatuta.

"Euskal legeak urratu egiten ditu Espainiako Konstituzioko 149.1 32. eta 92.1 eta 2, 1980ko otsaileko Lege Organikoari dagokionez, erreferendum mota ezberdinen arautzeaz; izan ere, legean aurreikusten den herri kontsulta baimentzeko, Estatuak duen eskumen esklusiboa baztertu nahi du".

Estatuaren Abokatuaren esanetan, kontsulta legean ageri den bigarren galderak Espainiako Konstituzioaren 1.2 eta 2. artikuluak urratzen ditu. "Konstituzioak nazio subiranotasuna herri espainiarrari (eta ez bere zati bati)" ematen diola dioen artikuluaren "kontra" doa Kontsulta legea, baita "Espainiako nazioaren batasunaren" kontzeptuaren kontra ere, abokatuaren iritziz beti ere. Aipatutako galderak "alderdi politiko guztiek negoziazio bidez" euskal herritarrek duten erabakitzeko eskubideaz akordioa lortzen saiatzeaz zer iritzi duten galdetu nahi dio herritarrei.

Horiek hala, esandakoa bete dutela adierazi du Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak gaur eguerdian, helegiteaz mintzo. "Konpromisoa bete dugu. Lasai egon daitezke, beraz, herritarrak, ez delako galdeketa egingo. [Espainiako] Estatuaren aurkako erronkarik ez dugu onartuko, ezta minutu batez ere".

Espainiako Kontseiluaren txostena

Espainiako Kontseiluaren txosten bat hartu du oinarri Gobernuak galdeketaren aurkako helegitea prestatzeko. Irizpen horren arabera, badago Auzitegi Konstituzionalean galdeketarako legeari helegitea aurkezteko nahikoa arrazoi juridiko. Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak "Estatuaren ordenu politiko eta juridikorako oinarriak kolokan jartzen" dituela argudiatu du Kontseiluak.

PPk ere aurkeztu dio helegitea Eusko Legebiltzarrak onartutako legeari, gaur goizean bertan. Espainiako Kongresuko 50 diputaturen sinadurak beharrezko izan ditu horretarako, eta horiek biltzen aritu da azken bi asteotan, baita helegitea idazten ere. "Espainiako subiranotasuna defenditu" nahi duela dio PPk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.