Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak gaur argitaratu du Espainiako Aldizkari Ofizialean irailaren 1etik aurrera Gizarte Segurantzatik kanpo geratuko diren botiken zerrenda. Zerrenda osoa kontsulta daiteke hemen.
Hala, botika horiek behar dituzten gaixoek osorik ordaindu beharko dituzte, nahiz eta errezeta eduki. Salbuespen bat izango da: eri kronikoak. Kasu batzuetan, nahitaezko dute zerrendako sendagaiak hartzea; berrordaindu egin beharko dituzte botikak, beraz.
Espainiako Gobernuak azaldu du sintoma arinentzako botikak direla eta batzuk apenas erabiltzen direla. Klase guztietako sendagaiak daude zerrendan: hotzeriaren eta gripearen aurkakoak, tripetakoari aurre egitekoak, kolpeak arintzekoak, buruko minarentzakoak eta azalerako kremak, besteak beste. Umeentzako botikak ere badaude finantzaketa publikotik kenduko dituztenen artean.
Gizarte Segurantzak finantzatzen dituen botiken zerrendak hamar urte zeramatzan aldatu gabe, eta Osasun Ministerioaren nahia da zerrenda hori "malgua" izatea eta "garaiaren arabera egokituz joatea". Hainbat taldek kezka agertu dute neurriaren inguruan, eta gogorarazi dute gaixo batzuek beharrezkoak dituztela botika horiek.
Sendagai batzuk kanpoan uzteak bestelako arriskuak ere baditu: beste botika batzuetara jotzea. Medikuen elkargoek horretaz ohartarazi dute, eta nabarmendu dute lehen ere horrelako neurriak hartu izan dituztenean esperotako aurrezpenik ez dutela lortu, kontrakoa baizik. Alegia, finantzaketa publikotik at utzitako botika batek izan dezakeela gisa bereko beste bat finantzaketa publikoa duena, eta gerta daitekeela kanpoan utzitakoa baino garestiagoa izatea sendagai hori. Gastua handituko luke horrek, noski.