Espainiako Gobernuak hasi du EHAK eta ANV legez kanpo uzteko prozedura

Auzitegi Goreneko 61 Salari bi alderdi horien ilegalizazioa eskatzeko baimena eman dio Estatuaren Abokatuari. Alderdien Legea urratzea leporatzen diete biei. Fiskaltzak datorren astean aurkeztuko ditu ilegalizazio eskaerak.

2008ko urtarrilaren 25a
14:08
Entzun
Iragarritakoa betez, Espainiako Gobernuak abian jarri du EHAK eta EAE-ANV legez kanpo uzteko prozedura. Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak agertu du Estatuaren Abokatuari baimena eman diotela ilegalizazioa martxan jartzeko; zehazki, Auzitegi Goreneko 61 Salari bi indar politiko horiek legez kanporatzeko eskatzeko. EHAK-k zein EAE-ANVk Alderdien Legea urratzen dutela argudiatuko dute.

Horrenbestez, Baltasar Garzon epaileak bi alderdiei jardun politikoa debekatzeko lehen pausoak emanak dituenez, bina auziri erantzun beharko diete EAE-ANVk eta EHAK-k: Auzitegi Gorenak Alderdien Legea urratu ote duten erabakiko du, eta Auzitegi Nazionalak Zigor Kodea urratzen ari ote diren ebatzi beharko du.

Erabakia auzitegi bateko zein besteko epaileek hartu behar dute, prozedura bakoitzaren bukaeran, baina, Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuko Justizia ministroaren arabera, erabakiak bat besterik ezin du izan, EHAK eta EAE-ANV Batasunaren «jarraipen hutsa» direla erakusten duten frogak «sobera» dituztelako, herenegun egindako agerraldian adierazi zuenez. «Garaia heldu da», esan zuen.

Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, Batasunak EHAK eta EAE-ANV «kontrolatu» egiten dituela erakusteko moduan direla baieztatu zuen ministroak. Fernandez Bermejoren arabera, polizi txostenek erakusten dute hiru alderdiek «diru kutxa bakarra» zutela, kutxa horri zegozkion erabakiak Batasunak hartzen zituela, Batasuneko 39 buruzagiri beste bi alderdiek ordaintzen zietela soldata eta, besteak beste, EHAK-k nahiz EAE-ANVk «etengabe» informazioa ematen ziotela Batasunari.

Gainera, Joseba Permach Batasuneko mahaikideari «manifestu» bat atzeman ziotela nabarmendu zuen, «sekula publiko egin ez zena», eta agiri horretan bi alderdiak «estrategia bateratzeko» konpromisoa hartu zutela, Segi eta Askatasunarekin batera.

«Oso lasai gelditu naiz, auzitegira zer froga dokumental eramango dugun ikusita», esan zuen Justizia ministroak. Ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko «ziurrenik» egingo dituen «plan alternatiboei» oso adi daudela ere esan zuen.

EPEAK. Bi alderdiak legetik kanpo uzteko Gobernuak zer bide zehatz lehenetsiko duen ez zuen zehaztu Justizia ministroak: «Ez dugu hipotesirik baztertzen, ez badaezpadakorik ez behin betikorik», esan zuen. Zerrenden inpugnazioaren aukera ere aipatu zuen.

Gobernuak abian jarri duenprozedurak, legez kanporatzearenak, epeei dagokionez zaila izango du EAE-ANVri datorren martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkeztea eragoztea, baita biderik laburrena hartuta ere. Batasunari bezala ahozko epaiketa eginez gero, hainbat hilabete joango lirateke Auzitegi Gorenak epaiak eman arte, eta ASBri bezala Batasunaren legez kanporatze epaia betearaziz gero ere, aste batzuk joango lirateke Gorenak epaia eman arte -hilabete eta erdi behar izan zuten iaz ASB legez kanporatzeko prozesuan-. Hauteskunde kanpaina hasteko hilabete eskas falta da, datorren otsailaren 22an hasiko baita eta, behin kanpaina hasita, ez dago hautagaitzak baliogabetzerik.

EAE-ANVri hauteskundeetara aurkeztea eragozteko, dena den, Gobernuak ez du legez kanporatze prozedura azkartzeko beharrik, Garzonek nahi duenean eten ahal izango baititu EAE-ANVren eta EHAKren jarduerak, behin aldeei entzuteko auzi-saioak eginez gero. EHAKri buruzkoa otsailaren 4an egingo du eta EAE-ANVri buruzkoa, otsailaren 5ean. Eta auzi-saioaren egunean bertan har dezake alderdi bati zein besteari jardun politikoa debekatzeko erabakia. Ordurako hautagaitza zerrendak aurkeztuta izango ditu EAE-ANVk, otsailaren 4an bukatzen baita aurkezteko epea, baina Hauteskunde Batzordeak ez ditu ofizial egingo hilaren 11 arte.

Garzonek aurreikusi bezala jokatzen ez badu, gainera, zerrenden inpugnazioaren bidea geldituko litzaioke Gobernuari, Bermejok berak gogorarazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.