Espainiako Gobernuak indultua eman dio gaur buletin ofizialean hiru sexu abusu delitugatik zigortutako gizon bati. Bizkaiko Epaitegiak hiru urteko zigorra ezarri zion Paul Abasolori 2010eko ekainaren 3an, eta, horrekin batera, bere sexu abusuen biktima izan zirenei 500 metrora hurbiltzea debekatu zion bost urtez. Kasua ezaguna izan zen, futbolari ohia delako Abasolo. Real Unionen jokatzen ari zen atxilotu zutenean, eta, ondorioz, klub horrek ez zion berritu kontratua.
Indultua Francisco Caamaño Justizia ministro ohiak sinatu zuen, abenduaren 16an, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuko ministroak. Hiru urteko espetxe zigorrak bi urteko bakarrera jaitsi dio, heziketa programa batean parte hartzearen truke.
Abusuak 2006an eta 2007an gertatu ziren, eta Gernikan (Bizkaia) atxilotu zuen Ertzaintzak; durangarra da, eta 23 urte zituen orduan. Bost delitugatik atxilotu zuten, eta hiru aitortu zituen. Epaileek frogatutzat eman zuten Abasolo emakumeei atzetik hurbildu eta ukituak egiten zizkiela modu bortitzean.