Joseba Egibar EAJko legebiltzarkide eta GBBko lehendakariak argi du Alderdien Legearen inguruan egindako aldaketen bidez "euskal politikaren eszenatokia" kontrolatu nahi duela Espainiako Gobernuak. Egibarrek gogorarazi du Alderdien Legearen bidez ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo utzita lortu duela PSE-EEk PPren laguntzarekin Jaurlaritzara iristea, eta etorkizunera begira, estrategia beraren bidez, beste euskal erakunde batzuk eskuratzea dela alderdi horien bien asmoa iritzi dio. Izan ere, Egibar sinetsita dago datozen foru eta udal hauteskundeen ondoren ituna errepikatuko dutela PSE-EEk eta PPk, eta "zenbakiak beren aldeko izan daitezen" ezker abertzalea kanpoan utzi behar dutela nabarmendu du.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua orain egiten ari dena Jose Maria Aznar eta Jaime Mayor Orejak abiatutako proiektu politikoari segida ematea dela erantsi du. Radio Euskadiko solasaldian egin ditu adierazpen horiek Egibarrek.
Xanti Kiroga: "Ez gaituzte urdurituko"
Xanti Kiroga ezker abertzaleko kidea ere mintzatu da gai horri buruz, eta proposamenak "Espainiako Estatua oso urduri" dagoela erakusten duela esan du: "Urduri dago, eta bereziki, Rubalcaba dago urduri. Horregatik beste estutu bat eman nahi diote ilegalizazioari", agertu du bilera batera sartu baino lehen. Aitzitik, neurri horiek ez dutela ezker abertzalea urdurituko ziurtatu du Kirogak, eta hartuta daukaten bidetik segituko dutela lanean. "Horretxek jartzen du urduri Rubalcaba, ez hainbeste ezker abertzaleak egiten duenak, baizik eta ezinbesteko aldaketa politiko horri begira ezker abertzalea mugitzeko gai denak eta lor dezakeen baiezko sozialak".
Aralarrek dei berezia egin die Espainiako Legebiltzarreko kideei aldaketa onar ez dezaten
Patxi Zabaleta koordinatzaileak eta Jon Abril koordinatzaileordeak agerraldia egin dute Iruñean Espainiako Gobernuak atzo iragarritako neurriak salatzeko. Aldaketa horren kontra "irmo eta sendo" daudela azaldu du Zabaletak, eta proposamenak erakusten duela Espainiakoa "demokrazia gaixoa" dela. "Ideien eta printzipioen kriminalizazioa eta eskubide politikoen ukapena biltzen ditu bere baitan, eta, ondorioz, Espainiako demokraziaren kalitatea eskastea".
Hori dela eta, Espainiako Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi eta kide guztiei dei egin die erreformaren kontra egiteko, "koherentzia demokratikoagatik, Giza Eskubideen Adierazpena eta baita hainbeste goraipatzen duten Konstituzioa aintzat hartuta". Politikari "faltsutzaile, baliatzaile eta ustel" asko daudela erantsi du Zabaletak, "herritarren ordezkaritza bera ustelaraztea interesatzen zaienak".
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo erabaki zuen Hauteskunde Legea aldatzea, hartara Alderdien Legea are eta gehiago zorrozteko. Iragarritako erreforma horren bidez hautetsiak kargutik kentzeko bidea ireki du Espainiako Gobernuak, eta zerrendak inpugnatzeko epea handitu du.
Alderdien Legea-Aldaketak
Espainiako Gobernuak iragarritako hauteskunde legeen zorroztea salatzen jarraitzen dute alderdi abertzaleek
Erreformaren bidez PSEk eta PPk "euskal politikaren eszenatokia" kontrolatzen jarraitu nahi dutela iritzi dio Joseba Egibar buruzagi jeltzaleak. Ezker abertzaleko Xanti Kirogak esan du asmo horrek adierazten duela "Espainiako Estatua oso urduri" dagoela. Aralarreko Patxi Zabaletak, berriz, Espainiako demokrazia "gaixo" dagoela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu