"Xehetasun tekniko batzuk" salbu, maiatzean aurkeztutako testua onartu du Espainiako Gobernu kontseiluak. LOMCEren azken atala da, Batxilergoko eta DBH amaierako probak arautzen dituena. Datorren ikasturtean egingo dituzte etsaminak aurreneko aldiz, eta etapa amaierako tituluak lortzeko beharrezkoa izango da azterketa gainditzea, 2018tik aurrera.
Maiatzean onartu zutenez, erkidegoek izango dute amaierako azterketa horiek zehazteko eskumena: bai galderak, bai egunak. Horrekin, Madrilek arindu egin du LOMCEri egotzitako zentralizazio kutsua, baina ez du erabat kenduko: proben oinarria Espainiak ipiniko du. Ikasgai nagusien edukia ere Madrilen zehaztua da.
Azterketa ez da testa izango, eta, aurreratu dutenez, Batxilergoko etsamina selektibitatearen antzekoa izango da.