Frankismoa

Espainiako Gobernuak tramitatu egingo ditu Servini epailearen eskariak

Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroak adierazi du nazioarteko legedia betetzen duten eskari guztiak bideratuko dituela, frankismo garaiko krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrarenak barne.

Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroa, gaur, Espainiako Kongresuko kontrol saioan. BALLESTEROS, EFE
2018ko urriaren 10a
14:54
Entzun

Espainiako Gobernuak adierazi du tramitatu egingo dituela frankismoaren krimenak ikertzen ari den Servini epailearen eskaerak. "Hori da Justizia Ministerioaren egitekoa", adierazi du Dolores Delgado Justizia ministroak. Haren esanetan, gobernuak nazioarteko legedia betetzen duten eskari guztiei emango die bide, Servini epailearenak barne. Ministroak gaineratu du Espainiak elkarlan juridikorako hitzarmen bat duela Argentinarekin 1987az geroztik, zigor arloan.

"Nazioarteko konpromisoarengatik egin behar dugu, baina baita biktimekiko eta nazioarteko justiziarekiko konpromisoarengatik ere, eta gertakari horiek berriz gerta ez daitezen". Delgadok nabarmendu du ildo horretan ari dela lanean Espainiako Gobernua Memoria Historikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, "biktimei behingoz ordaina emateko".

Ministroak Unidos Podemoseko Eva Garcia Sempereren galdera bati erantzunez egin ditu adierazpen horiek. Diputatuak gogorarazi du Servini bigarrenez saiatuko dela Rodolfo Martin Villari frankismo garaiko ministro ohiari deklarazioa hartzen. Martin Villari hilketa delitua leporatzen dio Servinik gizateriaren kontrako delituekin lotuta. Hura estraditatzeko eskatu zuen, baina Espainiako Justiziak ukatu egin zuen eskaria.

Justizia ministroak kritikatu egin du, PP gobernuan zela, orduko fiskal nagusiak lurralde auzitegietako fiskalei eskutitz bana bidali izana, Serviniren eskariei muzin egin ziezaietela eskatzeko.

Podemoseko diputatuaren esanetan, Servini epaileari ikertzen uzteaz gain, gobernuak "sustatu eta erraztu" egin beharko luke Martin Viila ikertzea. "Demokraziaren alde egon ala frankismoaren zigorgabetasunaren alde egon hautatu beharra dago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.