NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea Euskal Herrian izan ondoren, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak gaur adierazi du gobernuak ez diola "inongo zilegitasunik" ematen batzorde horri, eta jakinarazi du gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu dela. Batzordeak atzo adierazi zuen behin betiko irtenbiderako gobernuekin hitz egin nahi duela esan diola ETAk.
Fernandez Diazek gaur PPren Kataluniako biltzarrean egin dituen adierazpenetan esan du ez duela nazioarteko egiaztatzaileen beharra ikusten, gobernuaren segurtasun indarrekin "nahikoa" baita ETA desegiten dela egiaztatzeko.
"Baldintzarik gabeko desegitea" eskatu dio ETAri, eta berretsi du gobernuak ez duela "inoiz" harekin hitz egingo.
Horrekin batera, Diazek esan du ETAk presoei "engainatzeari" utzi behar diola eta egia esan behar diela, gobernuak ez baitu negoziatuko.