ETA-RI ELKARRIZKETA

Espainiako Gobernuarekin "konponbide eta negoziazio prozesu bat zabaltzeko saiakeran" ari dela dio ETAk

“Gaur gaurkoz ez dago negoziazio prozesurik” “Urratsak gaurtik egin behar dira eta norabide guztietan; urrats nagusia euskal eragileen artean egin beharrekoa da”

2005eko apirilaren 1a
19:27
Entzun
ETAk gatazka armatuari soluzio politiko eta demokratikoa emateko prest dagoela berretsi eta norabide horretan Espainiako Gobernuarekin “konponbide eta negoziazio prozesu bat zabaltzeko saiakeran” ari dela ziurtatu du, BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. “Baina, gaur gaurkoz ez dago negoziazio prozesurik”, zehaztu du ETAk BERRIA-k bihar kaleratuko duen elkarrizketan. ETAk argi utzi du prest dagoela “bihar bertan” Espainia eta Frantziako agintariekin hitz egiteko, “negoziazio prozesu batean murgiltzeko eta akordio politikoak erdiesteko”.

Gatazka gainditu eta konpontzeko aukera ardatz harturik, ETArekin egindako elkarrizketa luzea argitaratuko du bihar BERRIA egunkariak. Besteak beste, “justiziazko bakea” lortzeko aukera, Anoetako ekarpenaren garapena, Espainia eta Frantziako gobernuen jarrerak, bi gobernu hauekin negoziazio prozesu bat bideratzeko aukera, negoziazio horretako edukiak, euskal eragileen arteko akordioaren beharra, Oinarrizko Hitzarmenaren garrantzia, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Ibarretxeren plana jorratzen ditu ETAk elkarrizketan zehar.

Batasunak Anoetan aurkezturiko eredua bere egiten du bi negoziazio mahai bereiziz. Batetik euskal eragileen artekoa eta, bestetik, ETA eta estatuen artekoa. Urratsak “gaurtik” eta “norabide guztietan” egin behar direla iritzi dio, baina garrantzia berezia emanez euskal eragileen arteko akordioari. “Gure hausnarketaren arabera”, dio ETAk aipatutako elkarrizketan, “urrats nagusia euskal eragileen artean egin beharrekoa da”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.