Abortuaren legea

Espainiako Gobernuaren egitasmoa salatu dute Okzitaniako Tolosan

Libertat taldeak deituta, Espainiak Okzitanian duen enbaxadaren aurrean protestan dira gaur eguerdian. Abortuaren kontrako mugimenduak Europan hedatzen ari direla ere ohartarazi dute.

Abenduaren 27an Abortuaren Legearen kontra Parisen egindako manifestazioa. E. L., EFE
2014ko urtarrilaren 8a
13:50
Entzun

"Europan eskuin atzerakoiena zabaltzen ari den egitasmoen mehatxuari erantzun beharra" dagoela uste du Libertat Okzitaniako taldeak, eta Espainiako Gobernuaren Abortuaren Legea horren adierazpen "drakoniarrena" dela. Hori dela-eta Europa mailan erantzun beharrari ekin dio Libertat Okzitaniako taldeak, eta dei egin du gauza bera egin dezaten Europako talde feministek eta ezkertiarrek, "herrialde guztietako emakume guztien eskubideak arriskuan" daudelako.

Libertat-ek uste du "eskuinaren harrotzea ezker bigunaren ondorio" dela, eta beraz, ezkerretik "konplexurik gabe" erantzun beharra dagoela. Maiatzeko Europako Hauteskundeen kanpainetan abortua gaietako bat izango dela aurreikusi dute alderdiek, eta besteak beste, Espainiako PSOEk Europako sozialistei eskatu die Espainiako Abortuaren kontra jarrera bateratua erakus dezaten Europa osoan.

Emazteek Diote Hazparneko taldeak ere salatu du Madrilen egitasmoa, Zeromacho Europako elkartearen salaketarekin bat eginez. Planning Familial taldeak, berriz, ohartarazi du, Espainiako Gobernuaren egitasmoa Europako beste hainbat herrialdetara zabaltzeko dagoen asmoa, urrutirago joan gabe, Baiona jarri du adibide gisa. Naissance & Vie 64 elkarteak urtarrilean haurdun diren emakumeentzat ostatua sortu duela eta, abortuaren kontrako kanpaina egiten dutela salatu du Michelle Bertier taldeko kideak. "Haurdunaldiak luzatzea da haien helburua, beste hautuak zeintzuk diren aipatu gabe, eta beste ezein egoera kontuan izan gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.