Espainiako Gobernuaren kontra jo dute eragile politiko ugarik

2013ko irailaren 30a
16:57
Entzun

EH Bildu

Presoen aldeko aldarria "zapuztu" nahi izatea egotzi dio Madrili Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak: "Giza eskubideen kontrako eraso honek baketik eta normalizaziotik urruntzen gaitu". Arzuagak esan duenez, koalizioak  "tamainako erantzuna herri gisa" ematen lagunduko du.

[Youtube]http://youtu.be/wkYcDEjNnEA[/Youtube]

PSE-EE

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren kontra jo du, bere blogean idatzitako mezu baten bidez: "Gauza bat da Euskadin izandako terrorismoaren aztarnak desagertzearen aurrean interes falta erakutsi izana, eta beste bat halako zentzugabekeria politiko eta juridiko bat egitea, jada existitzen ez diren arazoak berriz zabaltzeko asmotik uler daitekeena soilik".

Egigurenen ustez, gobernu batek ezin du gai horrekin "jolasean" ibili, eta ohartarazi du gaurko operazioa ez dela soilik ezker abertzalearen arazoa, Euskal Herri osoarena eta Espainiarena baizik. Halaber, "pasibitatez" jokatzea egotzi dio Jaurlaritzari; arduraz jokatzeko eta esku hartzeko eskatu dio.

Eusko Jaurlaritza

Herrira-ren aurkako sarekada "albiste txarra, atzerapausoa" dela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, iritzita "gainditutako garaiak" dakartzala gogora. Uste du euskal gizarteak ez dituela gaurko atxiloketak eta miaketak ulertzen, espero duena "aurrerapausoak" direlako. Erkorekak ETAri eskatu dio "atzerapenik gabe" desegin eta armak emateko, eta "Espainiako botere zentralei" galdegin die "arduraz" joka dezaten.

Lokarri

"Oinarrizko askatasun demokratikoen urraketa larria" da Guardia Zibilak Herrira mugimenduaren aurka abiatutako operazioa, Lokarrik ohar baten bidez adierazi duenez. Elkartzeko eta manifestatzeko eskubidea urratu izana leporatu dio Poliziari.

Lokarrik nabarmendu du Herrira-k giza eskubideen errespetuaren alde eta baketzearen alde egin duela. "Haren mobilizazio guztiak baketsuak izan dira, eta haren jardunak aniztasuna bilatu du". Espainiako Gobernuari egotzi dio "arduragabe" jokatzea eta bakegintzan laguntzeko borondaterik ez izatea.

Ernai

Erokeriatzat jo du Ernai gazte antolakundeak Herrira-ren aurkako operazioa: "Orain, urratsak egiteko unean, errezeta berarekin jarraitzea erabaki dute, herri hau kikildu eta errepresioaren bidetik garbitzeko intentzio bakarrarekin. Horrelako gertaerek argi uzten dute mendekua dela Espainiako Estatua mugiarazten duen bakarra".

Parot doktrinaren inguruan Estrasburgoko auzitegia ematekoa den ebazpenarekin lotu du operazioa Ernaik. "Espero duten sententziaren erantzuna ote? Hau al da Fernandez Diaz jaunaren “ingeniaritza judiziala”? Hau da espainiar erara eginiko justizia?".

Udalbiltza

Herrira-ren aurkako erasoa "oinarrizko giza eskubideen aurkako erasoa" da, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentearen iritziz: "Herrira-ren jarduera eremu horretan kokatu baita sortu zenetik honaino, euskal presoen giza eskubideen defentsan". Bake bideari "burdinezko ataka" bat jarri nahi izatea egotzi dio Aizpuruak Espainiako Gobernuari.

Carlos Urkijo

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Carlos Urkijoren arabera, "albiste bikaina" da Herrira-ren aurkako sarekada; haren ustez, agerian uzten du Espainiako Gobernua "adi" dagoela "terrorismoaren aurka".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.