«Espainiako Gobernuaren teilatuan dago pilota»

Etxerat-ek jakinarazi duenez, ugaritu egin dira espetxeetako protestak, eta jadanik 515 presok bat egin dute

Erredakzioa
Donostia
2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Egunero bezala, atzo ere elkarretaratzea egin zuten Donostiako Ospitalearen aurrean, eta han, Jon Garai Herrira-ko bozeramaileak Espainiako Gobernuari exijitu zion Josu Uribetxebarria eta gaixotasun larriak dituzten beste hamahiru presoak berehala aske uzteko. «Askatzeko eskatzea giza eskubideak errespetatzeko eskatzea da», nabarmendu zuen Garaik. Herrira-ko kideak ohartarazi duenez, Uribetxebarriaren egoera «geroz eta larriagoa» da, eta egoera horren erantzule egin du Espainiako Gobernua. «Egoera hau ekiditeko bitartekoak eskura izan ditu, baina krudelkeria osoz Josu espetxean mantendu du. Orain, egoera atzeraezina denean ere, ez ditu premiazko neurriak hartu oraindik. Espainiako Gobernuaren teilatuan dago pilota», nabarmendu du.

Jadanik hamar pertsona ari dira gose greba egiten ospitale aurrean, eta protestak aurrera jarraituko du datozen egunetan, Elizako, erakundeetako eta sindikatuetako ordezkarien babesarekin.

Mobilizazio horiek, gainera, Euskal Herriko beste herri batzuetara ere zabaldu dira. Gaur, elkarretaratzeak egingo dituzte Donostian, ospitalearen aurrean, 11:00etan eta 19:00etan; Bilbon, 12:15ean, Moiua plazan; Gasteizen, 12:30ean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean; Iruñean, 12:00etan, Karlos III.a kalean; Beran, baraualdia egingo dute, 08:00etatik 00:00etara; Hendaian, elkarretaratzea, 19:00etan, Kasino Zaharrean; eta Donibane Garazin, 12:00etan, herriko etxearen aurrean. Maulen, berriz, ostiralean egingo dute elkarretaratzea, 18:00etan, Kurutxe Xurian.

Atzoko mobilizazioen harira Iruñean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurreaneguerdian egindako mobilizazioan parte hartu zuten pertsona guztiak —ehun inguru— identifikatu zituen Espainiako Poliziak, eta haietako bat atxilotuta eraman zuten polizia etxera, identifikatzeari uko egiteagatik. Arratsaldean aske geratu zen. Gaurko deituta dauden mobilizazioak, berriz, baimendu ditu Nafarroako Gobernuak.

Espetxeetan ere borrokaldian dira. Etxerat-ek jakinarazi duenez, atzo 80 preso inguru batu ziren, eta guztira 515 inguru ari dira protesta ekintzak egiten —gehienak, 400 inguru, gose greban—.

Alberto Gomez, aske

Herrira-k jakinarazi duenez, Alberto Gomez presoa aske geratu zen atzo goizean. Iluntzean, harrera egitekoak ziren Barakaldora. Gomez 2007an atxilotu zuen Ertzaintzak, kale erasoetan parte hartzea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.