Atxiloketak/Erreakzioak

Espainiako Gobernuaren ustez atxiloketek ez diote prozesuari eragiten; euskal eragileentzat, berriz, prozesuaren aurkako erasoa dira

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroaren ustez, Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrek gaur burututako atxiloketek ez diote "ezertan" eragingo bake prozesuari. Euskal alderdientzat, berriz, zuzenean egiten diote eraso bake prozesuari.

2006ko ekainaren 20a
19:46
Entzun
Duela bi urte hasi zen operazioa dela azaldu du Rubalkabak eta gaineratu du ez dagoela bake prozesuarekin jarraitzea eragozten duen datu esanguratsurik. Espainiako Gobernuaren ustez, "epaileek eta Poliziak funtzionatzen" dutela frogatzen dute atxiloketek.

Fernando Moraleda Espainiako Gobernuko Komunikaziorako Estatu idazkariaren iduriko, Zapateroren Gobernuari ETAren aurrean amore ematea leporatzen diotenen argudioak bertan behera geratu dira.

"Segurtasun indarren lanaren emaitza agerian geratu da, batzuetan asteak edo hilabeteak itxaron behar izaten diren arren", adierazi du Antena3 telebista katean egin dioten elkarrizketan. PPk Zapateroren Gobernuari azkenaldian egin dion kritika nagusia, hau da, ETAren aurrean etsitzea, atxiloketa hauek bertan behera uzten dutela uste du Moraledak: "Gobernuari egin zaizkion kritikak eraitsi ditu errealitateak".

Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak ere atxiloketek Estatuaren funtzionamendu ohikoa adierazten dutela esan du, eta ez duela uste bake prozesua trabatuko dutenik.

Prozesuaren aurkako erasoa

Euskal alderdientzat, ordea, prozesuaren aurkako erasoa izan dira gaur goizeko atxiloketak. Joseba Egibar EAJko GBB Gipuzku Buru Batzarreko lehendakariak prozesuak aurrera egin dezan ez direla lagungarri nabarmendu du. Batasunak "bake itxaropenen aurkako eraso argia" direla uste du. Horrela adierazi du Arnaldo Otegi buruzagiak.

Atxilotuetako bat, Julen Madariaga, Aralarreko zuzendaritzako kidea da. Aralarren hitzetan sarekada konponbide prozeusaren aurkako sabotajea da. Era berean, Espainiako Auzitegi Nazionala "salbuespen epaitegia" dela eta ixtea ezinbestekoa dela aldarrlikatu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek "harrigarritzat" jo ditu atxiloketak. Besteak beste, atxilotuen artean indarkeriaren bidea aspaldi gaitzetsi zuten lagunak daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.