Memoria historikoa

Espainiako Gobernuari 1936ko estatu kolpea eta frankismoa gaitzesteko eskatzeko proposamena jaso du Aralarrek Eusko Legebiltzarrean

1936ko Gerra hasi zela 75 urte dira gaur. Nafarroan 1936ko uztailaren 18an bertan hasi zen errepresioa, eta hilketak hasi ziren hainbat herrietan.

2011ko uztailaren 18a
16:29
Entzun

Aralarrek gaur Eusko Legebiltzarrean Espainiako Gobernuari 1936ko Errepublikaren aurkako estatu kolpea eta frankismoa gaitzesteko eskatzeko legez besteko proposamena erregistratu du. Aintzane Ezenarro parlamentariak esan duenez "PPk eta PSOEk terrorismoaren biktimen memoriarekin esaten duten moduan, frankismoaren biktimen memoriarekin Espainiako Gobernuak egiteko asko dauka".

"Estatuak modu argian gaitzetsi behar du frankismoa, eta diktaduran izan ziren epai guztiak baliogabetu behara ditu, baita zain jarraitzen duten frankismoaren biktimak aitortu eta ordaina eman", adierazi du Ezenarrok. Bere hitzetan onartezina da zentzu horretan aurrerapausoak ez emateko "zauriak irekiko liratekeela" esatea. "Memoriarik gabe ez dugu zauririk itxiko", esan du.

Gerraren urteurrena gaur

1936ko uztailaren 18an hasi zen Espainiako Gerra. Militarrak bezperan altxatu ziren Afrikan, Melillan, baina Errepublikaren kontrako kolpea penintsulara 18an iritsi zenez, gaurko eguna hartzen da Gerraren hasiera egun ofizialtzat. Euskal Herrian ere 18an jaso ziren lehen gertakariak, batez ere, Nafarroan eta Araban, non Mola jenerala eta karlistak hasiera-hasieratik estatu kolpearen alde agertu ziren. Gerra Gipuzkoan eta Bizkaian ian zen batik bat, baina Nafarroan, esate baterako, karlistek eta falangistek 3.000 lagun hil zituzten, lehenengoak, uztailaren 18an bertan.

75 urte igaro diren arren, asko dira memoria historikoaren arloan ikertu gabe geratu diren gertakariak. Oraindik ere hobietatik gorpuak ateratzen jarraitzen du Aranzadik, eta Euskal Herriko kaleetan ikus daitezke oraindik ikur frankistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.