'Atutxa auzia'

Espainiako Gorenaren agindua betetzeko eta SA desegiteko ahalegin guztiak egin zituztela deklaratu du Atutxak

Joan den legegintzaldian Eusko Legebiltzarreko Mahaiko lehendakari, lehendakariorde eta idazkariorde izandakoak epaitzen hasi dira gaur EAEko Auzitegi Nagusian: Juan Maria Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao. Eusko Legebiltzarreko SA Sozialista Abertzaleak taldea ez zutela desegin eta desobedientzia delitua egozten diete. Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua betetzeko eta SA desegiteko ahalegin guztiak egin zituztela deklaratu du Atutxak tribunalaren aurrean, baina Legebiltzarreko araudiak ez ziela halakorik baimentzen. Ez zutela desobedientzia asmorik izan nabarmendu du. Antzeko argudioak eman dituzte Bilbaok eta Knörrek ere.

2005eko urriaren 26a
17:26
Entzun
Epaitegira sartzean zein irtetzean txalo zaparradarekin agurtu ditu hiru auzipetuak atarian bildutako jende multzoak. Besteak beste, han ziren hiruren alderdietako —EAJ, EA eta EB hurrenez hurren— ordezkariak eta zenbait erakundetako agintariak. Besteak beste, Eusko legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbao, EAJko EBBko lehendakari Josu Jon Imaz eta Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Javier Madrazo.

Deklarazioan ez zutela desobedientzia asmorik izan agertu dute hirurek, eta Gorenaren agindua betetzeko ahaleginak egin zituztela, baina Eusko Legebiltzarreko araudiak eragozten zuela SA desegitea. Orduan Espainiako Fiskal Nagusi zen Jesus Cardenalen txosten batean oinarritu dira hori esateko. Manos Limpiasek ordezkatzen duen akusazio partikularraren galderei erantzuteari uko egin diote.

Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatikari dira epaitzen Legebiltzarreko mahaikide ohiak. Espainiako Auzitegi Gorenak SA desegiteko emandako agindua ez betetzeagatik Atutxak, Knörrek eta Bilbaok jaso dezaketen zigorra honako hau da: hiru hilabetetik hamabira urteko isuna, edo “enplegu edo kargu publikoetarako inhabilitazioa” sei hilabetetik bi urtera arteko epean. Hau da, ezin izango lukete kargu publikorik bete. Edonola ere, zigorrak une honetan ez luke Atutxaren eta Knörren kasuan eraginik izango, hiruretatik Bilbao baita legebiltzarkide izaten jarraitzen duen bakarra.

Manos Limpias sindikatuaren salaketagatik egingo da epaiketa, eta Pablo Sesma, Juan Carlos Iturri eta Javier Murgoitio magistratuek ari dira hiru politikariak epaitzen. Fiskaltzak eta defentsak absoluzioa eskatu dute.Defentsak Joseba Egibar, Rafa Larreina eta Antton Morcillo deitu ditu lekuko moduan; SA ez desegiteko erabakia hartu zenean, Bozeramaileen Batzordeko kide ziren hirurak. Manos Limpiasek ordezkatzen duen akusazioak, berriz, Carmelo Barrio (PP) eta Manuel Huertas (PSE) mahaikide ohiak deitu ditu deklaratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.