Politika

Espainiako hauteskundeetarako EAJk EArekin koalizioa osatuko duen "itxaropen osoa" azaldu du Juaristik

Juan Mari Juaristi, EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea, martxoko Espainiako hauteskunde orokorretara, bere alderdia Eusko Alkartasunarekin koalizioan joatearen aldekoa da, Radio Euskadin adierazi duenez. "Badirudi EAk zailtasun asko ikusten dizkiola koalizio honi. Baina guk oraindik itxaropen osoa daukagu. Azken batean, azken urteetan, herri honi guk eskaini diogun koalizioak izugarrizko egonkortasuna eman dio eta nIk uste dut herritarrek hori estimatzen dutela. Oraindik denbora daukagu eta ni itxaropentsu nago. Nik EAJ EArekin koalizioan joateko apostua egiten dut". Aitzitik, PSE-EErekin oraingoz elkarlanerako aukera gutxi daudela uste du Juaristik. Izan ere, GBBko buruaren iritziz, alderdi sozialistak "jarrera baztertzaileari eusten dio".

2004ko urtarrilaren 22a
14:17
Entzun
Bestalde, EAJren barne hauteskundeetan berak Josu Jon Imazen hautagaitza babestu izanak, Joseba Egibarrekin zuen harremana aldatu duela onartu du Juaristik eta "nahigabea eta egoera ezerosoak" ekarri dituela ere bai. Horregatik, EAJko bozeramalearekin bere harremana ez dela "lehengoa" aitortu du, "gertatutakoak bere ondorioak izan dituelako".

Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea izateko hautagaitzara berriz aurkeztuko ote den ez du argitu oraindik Juaristik. Izan ere,alderdiko jardunaren arabera, hautagaia ez da bere borondatez aurkezten. Aitzitik, herrialdeko exekutibek erabakitzen dute. Aukeratuko balute, "seguraski" onartuko luke hautaketa prozesuan sartzea. Horretarako aukerak ikusten ditu, izan ere, bere esanetan, "alderdi honetan, lau urtetan agintean egon denari beste aukera bat ematen zaio, gauzak oso oker ez badira irten". Horri buruzko azken erabakia martxoan etorriko da, orain EAJ EBBko karguen aukeratze fasean dagoelako. Karguen aukeraketa hau hil honen 31an amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.