Eibar (Gipuzkoa) izan zen 1931eko apirilaren 14an Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo udala. Urtero gogoratu ohi dute eguna, eta gaur ere elkarretaratzeak egin dituzte Untzaga eta Txaltxa Zelai plazetan, Ezker Anitzak-Berdeak eta alderdi sozialistak deituta. EH Bilduk ere elkarretaratzea egin du bertan, udaletxe aurrean: "Akats guztiekin, hutsune guztiekin, hala ere, aurrerapausua izan zen herritarren eskubideen errespetuan". Horrez gain, Ermuatik Eibarrera martxa egin dute Gazte Komunistek.
Irunen, San Juan plazara martxa egin dute, eta II. Errepublikaren bandera jasotzeaz gain, III. Errepublika eskatu dute. Arriaga plazan elkartu dira Bilbon Errepublikaren aldeko aldarriak. Donostian, berriz, udaletxean jarri dute bandera. Bertako iturriek adierazi dutenez, "askatasunaren alde" borrokatu zutenen eta Frankismoak jazarritakoen oroimenez jarri dute bandera. Tolosan "errepublika etorkizuna" dela aldarrikatu dute, eta herriko hilerrian lore eskaintza egin diete frankismoaren biktimei, haiei eskainitako eskulturaren aurrean.
I. Euskal Errepublika
Euskal herritarrak "nazio identitatearekin lotuta, bere etorkizunaren jabe" izatea bermatuko lukeen I. Euskal Errepublikaren alde egin du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Horren ustez, Euskal Herriak "haustura demokratikoa" behar du: "Gaizki izendatutako Espainiako Trantsizioa ez zen ondo mamitu Euskal Herrian, eta horregatik da gaur egun estatu mailako arazoa Espainiarentzat".
"Oinarri demokratikoak" izango dituen "etorkizun berri bat" eraikitzeko aukera izan behar dute herritarrek Sorturen ustez, eta horregatik egin du, Espainiako II. Errepublikaren Egunean, I. Euskal Errepublikaren alde. Horrela, nazio identitateaz gain, martxa jarri beharreko eredu politiko, sozial eta ekonomikoa ere herritarren esku geldituko lirateke Barrenaren arabera.