Espainiako indar armatuak Euskal Autonomia Erkidegotik joatearen aurka azaldu dira Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako sindikatuak. "Ezinezkotzat" jo dute asmo hori, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Espainiaren parte direla argudiatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatuko dio bi indar polizial horiek EAEtik joateko, ETAren jardun armatua amaitzeak horretarako "abagune egokia" ematen duela argudiatuta. Aukera horren aurka egin dute sindikatuek. Azaldu dute Euskal Herria Espainiaren parte den bitartean bi poliziek presentzia izango dutela bertan "beste edozein lurraldetan bezala", ohartarazi dute SUP Espainiako Poliziaren Sindikatuko idazkari nagusi Jose Maria Benitok eta Guardia Zibilaren Konfederazioko bozeramaile Ignacio Lopezek.
Sindikatuen arabera, EAEn ez dago sobera "polizia ezta guardia zibil bat bera ere".