Espainiako Industria, Energia eta Turismorako Estatu idazkari Alberto Nadalek gaur izenpetu du Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren jardun baimena eteteko agindua. Iazko irailean eskatu behar zuen Nuclenorrek —zentrala kudeatzen duen enpresak— lizentzia berritzeko baimena, baina ez zuen hala egin. Hala, bihar amaituko zaio zentrala jardunean izateko baimena.
Edonola ere, Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak zabalik utzi dio atea zentralak lanean jarraitzeari. Hark eman du itxieraren aginduaren berri, baina oroitarazi du arrazoi ekonomikoak direla medio ez dutela baimena berrituko. Horrela, "posible izango balitz", araudian beharrezko aldaketak egingo dituzte Garoña berriro lanean izateko, Saenz de Santamariak esan duenez.
Herenegun, itxiera behin-behinekoa dela eta etorkizunean zentrala berriro martxan jartzeko aukera badagoela jakinarazi zien Nuclenorrek zentraleko langileei. Langile batzordeak Garoñaren etorkizuna negoziatzeko orduan "arduraz" jokatzeko eskatu zion jabeari.
2009an agindu zuen Espainiako Industria Ministerioak Garoña kudeatzeko epea 2013ko uztailaren 6an —bihar— amaituko zela.