Espainiako Ingumen Ministerioak gogor egin du txosten batean Pasaiako kanpoko portuaren proiektuaren aurka. El País egunkariak eman du txostenaren berri, eta Ingurumen Ministerioak kanpoko portuaren aurka aurkeztu dituen argudioak jaso ditu. Garrantzia handia du txosten horrek kanpoko portuaren proiektuak beharrezkoa baitu Ingurumen Ministerioaren onespena azpiegitura eraikitzeko.
Txostenean Ingurumen Ministerioak jaso duenez, ekonomikoki "jasanezina" da azpiegitura eraikitzea, eta behin eraikitia horrek sortuko lituzken kalteak "konponezinak" liratekeela dio. Zehazki Jaizkibel eta Ulia aipatzen ditu txostenak, eta gune babestuak direla azpimarratzen du.
El Pais-en arabera, Ingurumen Ministerioak ez du beharrezkotzat ikusten kanpoko portua gaur egungo datuak eta Pasaiako Portu Agintaritzaren aurreikuspenak aintzat hartuz. 765 milioi euroko inbertsioa eginez urtean bi milioi tona baino gutxiago gehiago sartzea espero du Portu Agintaritzak, eta datu horrek Ministerioan harridura sortu duela dio El Pais-ek.
Beste aukera bat hobetsi du Ingurumen Ministerioak
Txostenaren arabera, Ingurumen Ministerioak Alternatiba 2 aukera hobesten du. Horretan Lezo-Gaintxurizketan plataforma logistikoa sortzea eta Herrera ingurua erregeneratzea proposatzen du. Modu horretan, kostaldearen kanpoaldea ez litzatekeela ukituko nabarmentzen du txostenak, eta Pasaiako portuak duen garapenaren pareko merkantzia bolumenera iritsi ahal izango litzateke.
Markel Olanoren "oztopoak" eta Lucio Hernandoren "eragozpenak"
Markel Olano Gipuzkoako aldun nagusiak esan du, hala ere, proiektua inoiz baino indartsuago dagoela eta "oztopoak ingurumen eskakizun guztiak betez" gaindituko dituela. "Azken ingurumen oztopoa gaindituko dugulako ziurtasuna agertu nahi dut", esan du Olanok, eta hainbat erakundek proiektuaren aldeko argudioak aurkeztu dituztela gaineratu du. Bere iritziz, bateragarriak dira kanpoko portuaren eraikitzea eta ingurumen eskakizunak betetzea.
Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak adierazi du proiektuak "ez badu ingurumen arloko eragozpena gainditzen", ez dela egingo. Aitortu du ingurumen irizpideak 2006tik "gogortu" egin dituztela, baina gogoratu du erakunde nagusiak egitasmoaren alde daudela eta berau Pasaiako badia "biziberritzeko" dela. "Ministerioaren txostena ez da behin betikoa".
LABek proiektua uzteko eskatu du
"Bideragaitza den proiektua alboratu eta inguruaren benetako biziberritze baten alde egiteko unea da", LABen arabera. "Guk aspalditik dugu argi Pasaiako kanpo portua ulergaitza dela bai ekonomikoki, bai sozialki eta bai ingurumenari dagokionez ere. Hala genioen Espainiako Estatuko Ingurumen Ministerioari 2009ko abuztuan aurkezturiko ekarpenetan eta 2010eko azaroan aurkezturiko alegazioetan. Orain, Ingurumen Ministerioak ere agerian utzi ditu kanpo portuaren gabeziak".
Pasaia biziberritzeko ingurumena errespetatu behar dela dio LABek, "ongizate sozioekonomikoan oinarrituz, enpresa pribatu gutxi batzuen interesak lehenetsi beharrean".