Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok gaur esan du ez dutela ETAren aurkako borrokan "erne egoteari" utziko, eta gaineratu du Espainian dauden legeak dauden bitartean horiek apliktu behar direla. Caamañok, hala ere, neurriak hartzera deitu du hurrengo Espainiako gobernua, eta "batasunetik" hartzeko eskatu du. Erabakiak "eszenatokien arabera" hartu beharko dituztela iragarri du.
Alderdiek "batuta" jarraitu behar dutela esan du, "eta azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren eratzen den gobernuak zer urrats egiten dituen ikusi eta hain emaitza onak eman dituen terrorismoaren aurkako borroka mantendu".
Patxi Lopezen atzo iragarri zuen bileren inguruan azaldu du "garai zailak" etorriko direla ikuspegi politikotik, baina lehendakariak kontsentsuan oinarrituta ariko dela ziur agertu da.
Raxoi "eztabaida antzuak eta espekulazioak" alde batera uztearen alde
Espainiako presidentetzarako bi hautagai nagusiak euren ekitaldiekin jarraitu dute gaur. Mariano Raxoi PPkoak zuhurtzia eskatu du, "Amaiurri kanpaina ez egiteko", eta "eztabaida antzuak, espekulazioak eta burutazioak" alde batera uzteko.
Raxoiren arabera egoerak eskatzen duen mailan egon behar da orain. "Zuhur egoteko garaia da, handitasuna izatekoa, eta demokrata guztion batasunean oinarritutako etorkizuna mahai gainean jartzekoa".
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiak Donostian esan du bakea 50 urte berandu iritsi dela, baina pozik esan du biktimak ez direla gehiago izango. "Armak kendu dizkiegu; orain botoak kenduko dizkiegu", esan du Rubalcabak PSE-EEko hainbat kideren aurrean.
Lopezek Egigureni: "Batzuetan pentsatzen ez duguna eta esan nahi ez duguna esan dezakegu"
Patxi Lopez lehendakaria, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Ramon Jauregi eta Cristina Garmendia ministroak eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia izan dira, beste batzuen artean, Rubalcabaren ekitaldian. Lopezek malko artean egin du hitzaldia eta esan du euskal sozialistak inoiz baino batuago daudela orain.
Jesus Egiguren aurrean zuela Lopezek esan du: "Batzuetan hainbeste borroka egin ostean, hainbeste bidegabekeri jasan ostean, irainak, ulertezintasunak, helburua lortzeko pazientzia ezagatik pentsatzen ez duguna eta esan nahi ez duguna esan dezakegu".