Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumont Espainiako Justizia ministro Rafael Catalarekin batzartu da, Madrilen. Bilera horretan lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute eta, haren arabera, Estatuak 83.534 euro jarriko ditu Nafarroako Justizia Administrazioaren teknologia hobetzeko.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, jasotako zenbatekoa erabiliko da, alde batetik eta lehentasunez,1950. urtearen aurretik Erregistro Zibilean dauden liburuak digitalizatzeko, eta bestetik, Foru Komunitateko abokatu-elkargoen doako laguntza juridikoko zerbitzuan erabilitako informatika-programa hobetzeko.
Lan-bilera horretan, Beaumont kontseilariak eta Catala ministroak Nafarroako Gobernurako "interesgarriak" diren beste gai batzuk jorratu dituzte, esaterako: Erregistro Zibilak publikoa izateko ereduaren aldeko apustua, doakoa eta bere lana egiteko beharrezkoak dituen baliabideak izanik.
Bi ordezkaritzek Nafarroako Gobernuaren eta Justizia Administrazioko abokatuen artean sortzear dagoen batzorde mistoa ere aztertu dute, lehen idazkari judizial modura ezagutzen zirenak, Nafarroako Justiziaren baliabide pertsonal eta materialen kudeaketa hobetzeko.