Espainiako Kongresuak 2050erako «karbonoan neutroa» izateko lege proiektua onartu du

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren legeak 22 aldeko boto jaso ditu, bost kontrako eta hamar abstenitu egin dira.

Klima aldaketaren kontrako mobilizazio bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2021eko apirilaren 8a
18:02
Entzun

Espainiako Kongresuak onartu egin du Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua: 22 aldeko boto jaso ditu, bost kontrako eta hamar abstenitu egin dira. Vox alderdi ultraeskuindarra izan da legearen kontra bozkatu duen bakarra. Babesa eman diote EH Bilduk, EAJk, ERCk, PSOEk, Unidas Podemosek, Ciudadanosek eta Teruel Existek; eta abstenitu egin dira PP eta Mas Pais alderdiak. Senatura pasatuko da orain egitasmoa, parlamentuko tramitazioarekin jarraitzeko; azken urratsa litzateke. Legearen asmoa da gas isuriak murriztu eta 2050. urterako zkarbonoan neutroa» izatea.

Hilabeteotan araua aztergai izan da Kongresuan, eta eztabaidan zehar alderdiek «adostasun, elkarrizketa eta anbizio falta» egotzi dizkiote lege egitasmoari. Oskar Matute EH Bilduko kidearen arabera, gas isurien kopuruari dagokionez araudi «anbiziotsuago» baten beharra sumatu du, baina legea beharrezkotzat jo du «planetaren iraupena babesteko», hala ere. EAJk, berriz, «elkarrizketarik eta adostasunik» ez izana salatu du, eta nabarmendu du legeak bide eman beharko liokeela  «kalitatezko enplegua sortzeko politika ekonomiko eta iraunkorrei».

Kongresuak lege proiektua onartuta, klima larrialdiari aurre egiteko bidean pauso bat eman dute. Nahia da oreka lortzea planeta berotzen duten gas emisioen eta isuri horiek atzemateko eta deuseztatzeko baliabideen artean. 2015ean Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzea dago arauaren oinarrian: planetaren berotzea bi graduren azpitik mantentzea industrializazio aurreko garaiarekin alderatuta, eta, ahal dela, ez izatea 1,5 gradutik gorakoa.

Bi data erabiltzen ditu legeak erreferentzia gisa, eta horien araberako xedeak jarri ditu: 2030. urterako berotegi efektuko emisioak gutxienez %23 murriztu beharko dira, 1990eko isuriekin alderatuta; eta, bestalde, 2050. urtea jartzen du epe muga bezala klima neutraltasuna lortzeko.

Horrez gainera, 50.000 biztanletik gorako udalerriek mugikortasun neurriak hartu beharko dituzte, garraioarekin lotutako isuriak murrizte aldera; bultzada emango dio energia berriztagarrien ekoizpenari eta ez da emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko baimen gehiago, besteak beste. Horiek horrela, Shesa hidrokarburoen sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuei eragin diezaioke lege berriak.

Autogintza sektorearekin lan egiteko asmoa ere ageri da testuan, eta helburua litzateke 2040rako errekuntza motorra duten ibilgailuen matrikulazioak amaitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.