"Damutu, barkamena eskatu edota justiziarekin kolaboratzen" ez duten euskal preso ohiei diru laguntzak ukatzeko mozioa aurkeztu zuen UPDk Espainako Kongresuan, eta gaur onartzea espero zen. Izan ere, PPk babestu egingo zuela esan zuen atzo, UPDrekin erdibideko zuzenketa bat adostu ondoren. Azkenean, ordea, ezin izan dute erdibideko testu hori bozkatu, Amaiurrek beto eskubidea erabili duelako. Beraz, UPDren hasierako testua izan da bozkatu dutena, eta aurka agertu da PP ere, "konstituzioaren aurkakoa" izan litekeelako.
Berri agentziek PPren iturriak aipatuz argitu dutenez, damutzeko baldintza ezarri nahi zien UPDk preso ohiei enplegu publikoak eskuratzeko ere. PPren arabera, puntu hori izan liteke "konstituzioaren aurkakoa", eta horregatik eman du aurkako botoa. Hala ere, Alfonso Alonso bozeramaileak esan duenez, legea aldatzeko asmoa dute preso ohiek kartzelan egoteagatik dagokien langabezia saria jaso ez dezaten.
Hasierako mozioan, UPDk Espainiako Gobernuari eskatu nahi zion indarrean dagoen legedia alda dezala Parot doktrinaren baliogabetzearen ondorioz kalera ateratzen diren euskal presoek estatuaren diru laguntzarik jaso ez dezaten "damutu, barkamena eskatu edota justiziarekin kolaboratzen" ez badute.
Rosa Diez UPDko diputatuaren ustez, kartzelan lan egiteko "inolako interesik" agertu ez duten presoek ez dute gizarteratzeko asmorik, eta horregatik ez dute merezi estatuaren diru laguntzarik jasotzea. "Demokrazia suntsitzeko erail duten presoaz ari gara", gaineratu du. PPk ere ideia bera defendatu du: "Paradoxikoa da demokraziari kalte egin nahi izan diotenak haren onuradunak izatea".