Hainbat hilabetez blokeatuta izan eta gero, Espainiako Kongresuko osoko bilkuran gaur ziren trans legea tramiterako onartzekoak, baina PSOEk atzera egin du azken orduan: abstenitu egin da, eta, beraz, lege proposamenak ez du behar besteko babesik lortu bide parlamentarioa egiten hasteko. Trans legeak eztabaida piztu du Espainiako gobernu koalizioaren barruan. Izan ere, hilabeteak dira PSOEk Unidas Podemosen lege aurreproiektua blokeatuta daukala. Horiek horrela, ERC, Mas Pais, CUP, Nueva Canarias eta Junts alderdiek beste lege proposamen bat aurkeztu zuten, prozedura azkartzeko, eta horrekin aurrera egin ala ez izan dute eztabaidagai gaur. Tramitatzearen alde agertu dira Unidas Podemos, EAJ, EH Bildu, ERC, Junts, Ciudandanos, Mas Pais, Cup eta Compromis, eta aurka agertu dira PP eta Vox; PSOE abstenitu egin da, eta, beraz, oposizioaren lege proposamena ere ez da aitzinera atera.
Bi puntu ditu gaur eztabaidatu duten lege proposamenak: transexualitatearen despatologizazioa eta genero autodeterminazioa. Hala, aurkeztu duten alderdiek nabarmendu dutenez, kontsentsua bilatu dute: Kongresuaren lehen tramitea gainditzea, ondotik parlamentuan eztabaidatu eta beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko.
Lege proposamena aurkeztu eta baiezkoa bozkatu dutenen artean, denek gaitzetsi dute PSOEren jarrera. «Zuen blokeoa alde batera uzteko eskatzen dizuegu; ezin da eskubideez eta askatasunez aritu, eta behin eta berriro lege integral bat blokeatzen ibili», nabarmendu du Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak. «Lege hau bera onartu duzue hainbat autonomia erkidegotan; zergatik ez duzue orain onartu nahi?», ihardetsi du Pilar Vallugera ERCko diputatuak. «Gaur abstentzioa bozkatzea ezezkoa bozkatzea da», aldarrikatu du, berriz, Mireia Vehi CUPeko parlamentariak.
Funtsean, «legea gizarte osoarentzako aurrerapausoa» dela nabarmendu dute baiezkoa bozkatu duten alderdiek, eta PSOEri galdetu diote ea aurrerapenaren alde dagoen. Gogora ekarri dute pertsona transak gizartean erabat baztertuta daudela, eta erreparazioa zor zaiela.
PSOEk adierazi du gaur aurkezturiko lege aurreproiektuak »hutsune juridikoak» dituela, eta horregatik jo duela abstentziora. Hain zuzen ere, Susana Ros parlamentariak nabarmendu du gobernua trans lege bat onartzearen alde dagoela: «Uste dugu legea gaur aurkeztutakoa baino hobea izan behar dela, eta konpromisoa adierazten dugu trans pertsonen eskubideen alde lan egiteko».
«Lege izango da»
Irene Montero Berdintasun ministroak ere hartu du hitza. Transei barkamena eskatu die ez duelako lortu legea bere ministerioak aurkeztea. «Trans pertsonek hilabete gehiegi daramatzate beren bizitzak ezbaian ikusten. Legea izango da legegintzaldi honetan, eta zuekin dugun zorra kitatuko dugu. Nire konpromisoa hartzen dut: genero autodeterminazioa lege izango da». Hain zuzen ere, Monterok nabarmendu du legea dagoeneko Espainiako hamabi autonomia erkidegotan onartu dutela, eta koherentea dela Europak ezartzen dituen printzipioekin. Kritika ere egin dio PSOEri: «Lege honek 2019an kontsentsua lortu zuen, eta zaila da pentsatzea 2019an segurtasun juridikoa duen lege batek 2021ean ez izatea».