Politika

Espainiako Kongresuak gutxienez otsailera arte atzeratu du ANVren Udalak desegiteko eztabaida

PSOEk dio legedi aldetik "zuhurtzia" behar dela. PPk abenduaren 16ko batzarrean nahi zuen neurri batzuez hitz egitea.

2008ko abenduaren 9a
18:02
Entzun
Lehengo ostiralean Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde eta bozeramaileak jakinarazi zuen, Azpeitiko Udaleko ezker abertzaleko taldeak Inazio Uriaren hilketa salatu ez zuela-eta, Gobernuak "beharrezko diren lege aldaketak" egingo dituela "ANV legez kanpoko alderdiko kideek udaletan agindu ez dezaten". Gaur jakin denez, ordea, eztabaida hori gutxienez 2009ko otsailera arte atzeratu dute.

Izan ere, Espainiako Kongresuko Bozeramaileen Batzordeak hala erabaki du gaur. PPk ez-legezko proposamena aurkeztu du, "ANVk agintzen duen Udalak desegiteko eta haietan udal hauteskundeak egiteko". Udal horiek Espainiako Gobernuaren diru laguntzak ez kudeatzeko ere eskatu du PPk, eta neurri denak abenduaren 16an Kongresuko batzarrean aztertzeko eskaera egin du. PSOEk eztabaida atzeratzea erabaki du, baina.

"Adostasuna nahi badugu, gauzak egin aurretik hitz egin behar dira", esan dio Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak PPri, eta PSOEk "ANV Udaletatik kentzeko borondate irmoa" daukala. Legedi aldetik "zuhurtzia" behar dela adierazi du Alonsok. PP "harrituta" geratu da atzerapenarekin.

Estatuko Abokatuaren ondorioa

Espainiako Estatuko Abokatuak urriaren bukaeran egindako txostenean esan zuen, Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdi politikoa legez kanpo utzi zuen arren -irailean-, ANVko udalak ezin direla desegin.

Hego Euskal Herrian 42 udaletan daude agintzen EAE-ANVtik aurkeztu eta hautetsi postua lortu zuten lagunak. Azpeitia da udal haietako bat. 2007ko ekainaren 16an lortu zuen Iñaki Errazkinek alkatetza.

Erregimen Lokaleko 61.2 Legeak Espainiako Ministroen Kontseiluari udalak desegiteko ahalmena ematen dio, "udal horiek modu larrian eta jarraikortasunez terrorismoa babesten, goresten edo justifikatzen badute akordioen edo jardueren bidez". Joaquin de Fuentes Bardaji Estatuko Abokatuak urriko txostenean esan zuen ANV legez kanporatzeko epaiak udal mailan bi kasu baizik ez dituela aipatzen: presoen eta iheslarien alde Elorrioko eta Hernaniko udalek batzordeak sortu izana, eta Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Igor Portu eta Mattin Sarasola presoen alde txaloa eskatu izana -2006ko abenduaren 30ean Barajas Madrilgo aireportuan ETAk egindako atentatuan parte hartu izana egozten diete bi horiei-.

De Fuentes Bardajik ondorioztatu zuen bi kasu soilik egoteak ez duela justifikatzen udalak desegitea, "terrorismoaren aldeko babesak larria eta jarraikortasunezkoa izan behar duelako horretarako".

Horretaz gain, Estatuko Abokatuaren ustez udalak desegitearen ondorioak ez lirateke "onuragarriak" izango.

Neurri hori hartuko balitz, ez lirateke berriro hauteskundeak deitu herri horietan. Kasuan-kasuan, Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua egingo lirateke haien eguneroko kudeaketaren kargu, 2011n berriz ere udal bozak egin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.