Hilabete luzetako eztabaidaren ondoren, frankismoa gaitzestea helburu duen Memoria Historikoaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak. PPk eta ERCk soilik bozkatu dute aurka, baina kontrajarritako arrazoiengatik: PPren arabera itxitako zauriak irekitzea da frankismoa gaitztestea; ERCren iduriko, ordea, legea eskas geratu da gaitzespen horretan.
Gainera, azken orduko aldaketa hitzartu dute PSOEk, CiUk, EAJk eta CCk, eta frankismoko sinboloak leku publikoetatik kentzeko agindua arindu egin dute. Zehazki, Eliza Katolikoari arrazoi "artistiko-erlijiosoak" argudiatzeko bidea eman diote beren eraikinetan irudi horiek mantendu ahal izateko.
EAJko diputatu Aitor Estebanek babes osoa adierazi dio Legeari, nahiz eta gerrakoan Jaurlaritzari ebatsitako agiriak itzultzea ez duen onartzen. Nafarro Baiko Uxue Barkosek legea frankismoari aurre egiten murritz geratu dela adierazi du, baina, hala ere,babesa eman dio. Aldiz, EAko Begoña Lasagabasterrek legeak hutsune handiak dituela nabarmentzeaz gain, kontra bozkatu du.
Orain, indarrean sartzeko Senatuaren onespena jaso behar du Memoria Historikoaren Legeak.
Espainiako Kongresuak oniritzia eman dio Memoria Historikoaren Legeari
PSOEk, CiUk, EAJk eta CCk azken orduan hitzartutako aldaketa baten ondorioz, arrazoi "artistiko-erlijiosoak" argudiatu ahal izango ditu Eliza Katolikoak bere eraikinetatik frankismoko irudiak ez kentzeko. EAk, PPk eta ERCk bozkatu dute kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu