ETAk eragindako biktimak ezagutu ditu Espainiako Kongresuak, alde bateko eta bestekoen arteko alderaketarik ez duela nahi argi utzita. «Ekintza terroristak eta horiek goratzea modu erradikalean eta zalantzarik gabe» gaitzetsi du Jesus Posada Kongresuko presidenteak. Baita «biktimak eta borreroak moralki zein politikoki parekatzeko edozein saio» ere. Espainiako Gobernuko kideek zein Kongresuko diputatu gehienek bete duten hemizikloan esan ditu horiek presidenteak, minutu bateko isilunea egin aurretik.
«Edozein terrorismo Zuzenbide Estatuaren armekin garaitzeko determinazioa berresten dugu», esan du Posadak, Amaiurrek parte hartu ez duen ekitaldian. AVT ere ez da joan Kongresuko omenaldira, ez diotelako bertan hitz egiteko aukerarik eman.
Victimas del Terrorismoko, Dignidad y Justiciako eta biktimen beste hainbat elkarteetako kideek, berriz, parte hartu dute ekitaldian. Horien «irmotasuna» goratu du Kongresuko presidenteak, eta estatuko segurtasun indarretako kide guztiena ere bai.
Espainiako Kongresuan, ETAk eragindako biktimen omena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu