Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortuz gero, "biktima guztien ahotsa entzunaraziko" du Aralar-Zutik koalizioak

Aralar-Zutik koalizioak gaur iragarri duenez, Espainiako Kongresuan ordezkaritza lortuz gero, "biktima guztien ahotsa entzunaraziko" dute, "bereziki, erakundeen errekonozimendu eta erreparaziotik baztertuta gelditu direnena". Aralar-Zutik koalizioko buruen arabera, "alde guztiek jasan dute eta jasaten dute sufrimendua", baina agintariek gaia ez dutela behar adinako "zabaltasunarekin tratatu" azpimarratu dute.

Herrietako kirol elkarteen kromo bildumak. BERRIA
2004ko martxoaren 2a
16:40
Entzun
"Aralar-Zutik koalizioak uste du indarkeriaren biktimen gaia ez dela behar adinako zabaltasunarekin tratatu eta beraz, ez zaiela modu berean entzun, ez erreparatu, indarkeria jasan duten biktima guztiei. Gatazkak eragin dituen zauri sakonak benetan sendatuak izan daitezen nahi badugu, kolore guztietako oinazean jarri behar da mahai gainean". Horixe da Aralar-Zutik koalizioak Euskal Herriko gatazkaren biktimen arazoari irtenbideak bilatzeko proposatzen duen bidea.

Gaur bete dira 28 urte –1976ko martxoaren 3an– Gasteizen poliziak bost langile hil eta ehun baino gehiago zauritu zituela. "28 urte beranduago oraindik justiziaren zain daude eta sarraskia agindu zutenak, aldiz, PPko kide Manuel Fraga esaterako, lasai bizi dira", dio Aralar-Zutik koalizioko kideek. Urteurren horren harira eskaini dute gaurko agerraldia, eta deialdi hori baliatu dute biktimen inguruan hausnarketa egiteko.

Aralar-Zutik-en arabera, Euskal Herriko "gatazka eta indarkeria arazoa dela-eta, mota guztietako oinazea jasan dute milaka pertsonek". Alde guztiek indarkeria hori jasan dutela eta jasaten ari direla nabarmentzen dute, eta hori onartu egin behar zaiela, "inolako salbuespenik gabe". Koalizoaren arabera, gatazka politikoa eta indarkeriaren egoera benetan konpontze bidean jarri nahi bada, eta zauriak itxi nahi badira, "gatazka humanizatu beharra dago, oinazeak aurpegi asko baititu".

"ETA ez da oinazea sorrarazi duen bakarra"

ETA erakunde armatuak 800dik gora hildako eta 2.000 zauritutik gora eragin dituela gogoratu du Aralar-Zutikek, "baina ez da oinazea sorrarazi duen eragile bakarra". Polizia gorputzeko 160 hildako eragin dituztela nabarmentzen dute eta talde parapolizialek 67 inguru. "Tortura jasan dutenak, berriz, 5.000 baino gehiago izan dira, komisaldegian berriz lau". Horrez gain, euskal presoen eta haien senitartekoen sufrimenduaz ere mintzatu dira. Aralar-Zutikek gogoratu du 700 euskal preso politiko daudela, "horietako asko ETArekin zerikusirik ez dutenak".

Aralar-Zutiken esanetan, "zorionez, biktima edo kaltetuen aldeko zenbait neurri hartu dira, baina laguntza eremua oso murritza suertatu da, biktimaren kontzeptu mugatua erabili zutelako, batez ere, ETAren biktimena". Eusko Legebiltzarrak sortutako 'Indarkeriaren biktimen ponentzia', "terrorismoaren biktimena" bihurtu dela nabarmendu dute. "Jaurlaritzak osatzen duen Hirukoak biktimen ikuspegi osatuagoa eta zabalagoa indargabetu egin zuen, giza eskubideen gaia koiuntura politikoaren arabera tratatuz", diote Aralar-Zutikekoek.

Hori dela eta, biktimen gaia ez dela behar bezala zabaltasunarekin tratatu salatu dute, "eta bigarren mailako biktimarik egon ez dadin, bada garaia giza eskubideen defentsa absolutua egiteko, eta batzuk zein besteek giza eskubideen kasuan duten erlatibismoa gainditzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.