Politika

Espainiako Kongresuko agerraldian "egiazko" azalpenak emateko eskatu diote Rajoyri

Espainiako Gobernuko presidenteak “Barcenas auziari” buruzko azalpenak emango ditu bihar, baina argibide horiek sinesgarriak izango diren zalantza egin dute Euskal Herriko alderdiek. EAJk jendearen itxaropenak “ez zapuzteko” eskatu dio Rajoyri. PSEk, aldiz, azalpen garbirik ezean, dimititzeko. 

2013ko uztailaren 31
15:06
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, hitzordua du bihar kongresuan. Barcenas auziaren harira azalpenak emango zituela iragarri zuen Rajoyk berak uztailaren 22an, baina agerraldia ekonomiari eta politikari buruz ere hitz egiteko baliatuko du. Euskal Herriko alderdiak beldur dira Rajoy gai ekonomikoetan zentratuko den, eta “sinesgarritasuna” eskatu dio.

Hala, EAJk herritaren itxaropenak “ez zapuzteko” eta “jendeak entzun nahi duena” kontatzeko eskatu dio Rajoyri Espainiako Kongresuaren aurrean bihar egingo duen agerraldian. “Uste dut jendeak egiazkoak eta sinesgarriak diren hausnarketak behar dituela”, azaldu du EAJkoEmilio Olabarria diputatuak.

PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek bestelako eskaera egin dio Rajoyri, dimisioa ematearena, alegia, baldin eta Espainiako Gobernuko presidenteak ez badu azalpenik ematen “horren iluna den” Barcenas auziaren inguruan. “Gainsoldatak kobratu ote ziren jakin nahi dugu, gainsoldata horien zergak aitortu diren ala ez, ea enpresei eman ote zizkieten legez kontrako kontratuetan. Hori jakiteko esperoan gaude. Ezin daitekeena onartu da Espainiako Gobernua ezkutaleku batean gordeta egotea, politikaren oholtzara atera gabe”, azaldu du Lopezek.

EAEko PPk, aldiz, Rajoyren sinesgarritasuna defendatu du. “Rajoyk esaten duena esaten duela, Espainiako gobernua desorekatu nahi dutenek ez dute sekula ezer sinetsiko”, nabarmendu du Bizkaiko PPren presidente Anton Danboreneak. “Akta publikoak erakutsiz ere ezin badaitezke konbentzitu, zaila da. Batez ere, sinesgarritasuna ez daukanari eman nahi denean”, gaineratu du.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.