Alderdi guztiek garaipentzat hartu dituzte Europako Konstituzio Itunari buruzko emaitzak, itunaren aldekoek baiezkoa nagusitu delako eta itunaren aurkakoek erroldatuen laurdenek baino ez dutelako baietz bozkatu. Baina garaile nagusia, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, abstentzioa izan da. Alderdi politiko bakar batek ez zuen abstentzioa eskatu, eta erroldatuen %60k ez dute bozkatu. Inoizko abstentziorik handiena izan da.
Espainiako Konstituzioak 1978an lortu zuena baino babes txikiagoa lortu du Euskal Herrian Europako Konstituzio Itunak: botoa emateko aukera zeukatenen artean lautik batek baino ez du baietz bozkatu (%24,6)igandeko bozketan, eta duela 27 urteko galdeketan hirutik batek baino gehiagok onetsi zuten Espainiako Konstituzioa (%34,9) Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Ezezko botoen portzentajea ere handiagoa izan da oraingoan 1978koan baino: erroldatuen 12,7k eman diote ezezkoa Europako Itunari, eta %10,9k Espainiako Konstituzioari.
Euskal Herriko eta Espainiako boto joerak ez datozela bat nabarmendu da herenegungo galdeketan ere. Espainian bezala, abstentzioa eta baiezkoa nagusitu dira Hego Euskal Herrian, baina proportzioak oso bestelakoak izan dira. Espainiako Estatuko emaitza orokorretan, erroldatuen artean hirutik batek eman dio baiezkoa Konstituzio Itunari (%32,7), Hego Euskal Herrian baino zortzi puntu gehiago.Alderaketa emandako botoen ehunekoekin eginez gero, hamahiru puntukoa da aldea: %63,2 baiezko Hego Euskal Herrian, %76,6 Espainiako Estatuan. Abstentzioa ere Espainiakoaren batez bestekoa (%57,6) baino handiagoa izan da Euskal Herrian (%60,6). Katalunian baino ez dira izan Euskal Herrikoen pareko emaitzak: %59ko abstentzioa eta, boza ematen dutenen artean, %64,6k eman dute baiezkoa.
Baiezkoaren aldeko kanpaina egin duten alderdiek UPN/PP, PSOE eta EAJ hauteskundeetan babes handiena lortu ohi duten herrialdeetan izan du Konstituzio Itunak sostengurik handiena: erroldatuen %26,9k eman diote baietza Nafarroan, %26,9k Araban eta %25,4k Bizkaian. Ezezkoaren aldekoek Batasuna, EA, Aralar eta Ezker Batua, alderdi politikoen artean indar handiena duten herrialdean, Gipuzkoan, %20,4koa baino ez da izan baiezkoen portzentajea, eta %14,8koa ezezkoena.
Alderdien boto aukerak
Baiezkoaren aldeko alderdi politikoek azken hauteskundeetan lortu izan dituzten ehunekoak ez ditu izan, hala ere, baiezko botoak. Joan den ekaineko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan erroldaren %33,5ekoa eta emandako botoen %74,3koa izan zen EAJren (Galeusca), PSOEren eta PPren portzentajeen batura Hego Euskal Herrian, baina erroldaren %24,6koa eta emandako botoen %63,2koa izan da baiezkoa Konstituzio Itunari buruzko erreferendumean.
Alderantziz gertatu da, beraz, ezezkoa eskatu duten alderdi politikoekin: Europako hauteskundeetan erroldatuen %10,2ren babesa eta emandako botoen %22,2renalortu zuten Herritarren Zerrendak, EAk (Herrien Europa), IUk eta Aralarrek, denak batera hartuta, baina ezezkoak portzentaje handiagoak lortu ditu herenegungo galdeketan: erroldaren %12,7 eta boto- emaileen %32,6.
EUROPAKO KONSTITUZIOA. ERREFERENDUMA
Espainiako Konstituzioak baino babes txikiagoa lortu du itunak
Baiezkoa nagusitu da Hego Euskal Herrian, baina abstentzioa inoizko handiena izan da, %60koa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu