Soka luzea dakar Espainiako Auzitegi Konstituzionalak asteburuan hartutako erabakiak. Nafarroako Gobernuak poliziaren gehiegikerien biktimak aitortzeko araua bertan behera utzi izanak alderdien haserrea eragin du. Baina parlamenariak ez dira erabakia kritikatzera mugatu, eta ostiralean Parlamentuan bozkatuko den adierazpen bateratua aurkeztu dute. Hor, gaitzetsi egiten dute Konstituzionalaren ebazpena, eta gogorarazten PP agintean zela foru legearen aurka aurkeztutako helegiteak "arrazoi politikoak" zituela.
Ebazpenak zioen delituak ikertzeko batzorde independente bat sortzeak Konstituzioa urratzea litzatekeela, halakorik egitea soilik botere judizialari baitagokio. Ordea, Ahal Dugu-k, Ezkerrak, Geroa Bai-k eta EH Bilduk sinatzen duten testuak gogorarazten du estatuko botereek artxibatu egin dituztela segurtasun indarren gehiegikeriekin lotutako salaketa gehienak edo ez dutela ezer egin horiek argitzeko, "biktimak babesgabe utziaz".
Konstituzionaleko bost epaileen boto partikularrak nabarmentzen ditu adierazpenak. Horiek zalantzan jartzen dute inolako urraketarik dagoenik, eta argudiatzen dute administrazioek badutela eskubidea biktimei erreparazioa eskaintzeko. "Aretoko hamabi epaileetatik bostek sinatzen dituzten boto horiek islatzen dute gai honen inguruan dagoen eztabaida, bai eta biktimen aitortza eta erreparazioa ahalbidetzeko bideak bilatzeko beharra ere".
Hala, leporatzen diote auzitegiari gizartearen gehiengoaren nahiaren aurka egitea eta eskatzen diote gobernuari bat egin dezala adierazpenarekin eta azter ditzala alternatibak biktimen aitortza ahalbidetzeko. Lau alderdiek parlamentuan gehiagoa dutenez, pentsatzekoa da ostiraleko bozketan onartuko dela adierazpena.