Ustelkeria

Espainiako Kontu Auzitegiak 500.000 euroko bermea ezarri die Alfonso Alonsori eta haren alkatetzako udal taldeari

Kontu auzitegiak Gasteizko alkate ohia egin du Arabako hiriburuko lokalen alokairuaren gainkostuaren erantzule. 2003-2007ko udal gobernu osoari ezarri dio bermea, eta, beraz, baita Javier Maroto Gasteizko egungo alkateari ere. Epaitegiaren arabera, udal gobernuak entzungor egin zien teknikarien txostenari. Alonsok esan du auzia lehenbailehen argitzeko "irrikan" dagoela.

Alfonso Alonso, gaur, Madrilen, Espainiako Osasun Ministerioaren agerraldi batean. KIKO HUESCA, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Arantxa Elizegi
2015eko martxoaren 5a
07:14
Entzun

Espainiako Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohi eta egungo Osasun ministroa jo du San Antonio kaleko lokalen alokairuaren gainkostuaren erantzule. Auzitegiaren arabera, Alonsoren eta orduko beste zazpi zinegotziren bitartekaritzarekin, Gonzalo Antonenak ziren hainbat lokal alokatu zituen Gasteizko Udalak 2007an, eta haiengatik 6,2 milioi ordaintzea adostu zuen —erosketa prezioa baino bi aldiz gehiago—.

Milioi erdi euroko bermea ezarri die auzitegiak Alonsori eta hark 2003-2007ko legealdian zuzendutako udal gobernuari. Auzitegiaren iritziz, alokairuaren gainkostua "ezin da inondik inora zuritu", kontuan izanda teknikarien txostenak bestelako aholkuak eman zituela eta udalak entzungor egin ziela. Hori horrela, ez du aintzat hartu auzia preskribatuta dagoelakoan hura artxibatzeko eskea.

Auzitegiaren erabakia jakin ostean Alfonso Alonsok esan du ez diola kezkarik sortzen bermeak; bai, ordea, auzia luzatu izanak. Lehenbailehen argitzeko "irrikan" dagoela gaineratu du. Izan ere, bere ustez, oso argia da erabaki hura interes publikoaren alde harturikoa zela. 

Javier Marotok adierazi du beren poltsikoetatik jarriko dutela berme gisa eskatzen dieten dirua. Auzia gehiago ez luzatzearren, ez diote erabakiari helegiterik jarriko. Hala ere, udal taldeak hartutako erabakia defenditu egin du. Bere esanetan, eta udal taldeko defentsaren aburuz, derrigorrezkoa bada alokairuaren prezioa zehazteko txosten teknikoa egitea, baina ez hura betetzea. 

Teknikarien aholkuen kontra

Teknikarien txostenaren arabera, errentak hilean 10.000 euro ingurukoa behar zuen izan, baina kontratuak 12.500 euroko kostua zehazten zuen; bestetik, eta teknikariek alokairuaren prezioa KPIaren arabera berritzea aholkatzen zuten arren, Alonsok eta Antonek adostutako portzentajeak askoz altuagoak ziren; azkenik, txostenak zehazten badu ere komunitate gastuak etxejabeak ordaindu behar dituela, kontratuaren arabera instituzioak ordaindu behar zituen horiek ere.

Alonsorekin batera auzipetuta daude kontratua sinatu zen garaian Ogasun zinegotzi zen Javier Maroto alkatea eta beste zazpi zinegotzi.

Gaur goizean ziren kontu auzitegira deklaratzera joatekoak Alonso eta Maroto, baina lehendik iragarria zuten haien abokatuak joango zirela haien ordez. Defentsak kasua artxibatzeko eskatuko dio epaitegiari. Denbora asko igaro dela argudiatuko du, eta balio gabe utzi behar dela kasua. Gasteizko Udaleko oposizioa, berriz, ez dator bat ikuskera horrekin. Alokairu kontratua —hogei urterako hitzartu zen— oraindik ere indarrean dagoela diote, eta horrek dakarren zama ekonomikoa astuna dela oraindik Gasteizko Udaleko diru kontuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.