Politika

Espainiako legeak bete behar izateak Jaurlaritzari "egiturazko ahulezia" sortzen diola esan du EAJko Markel Olanok

Espainiako Auzitegi Nazionalak Batasunaren jardun politikoaren debekua berretsi izanak Jaurlaritza "egiturazko ahulezia" baten aurrean jarri duela iritzi dio Markel Olano EAJko EBBko kideak, eta "egiturazko ahulezia" hori gainditzeko "guztien arteko" prozesu bat jarri behar dela abian. Euskadi Irratiko politikarien solasaldian egin ditu adierazpen horiek Olanok; EAko Onintza Lasarekin, PPko Laura Garridorekin eta Aralarreko Mikel Basaberekin batera Batasunari ezarritako galarazpenen ingurukoak izan dituzte hizpide nagusi.

2006ko urtarrilaren 20a
17:03
Entzun
Imanol Murua Uria BERRIAko kazetariak atzo plazaratutako 'Ahul' izenburupeko analisitik abiatu da Olano Madrilen erabakitako legeak betearazteak Jaurlaritzako "egiturazko ahulezia" sortzen diola onartzeko. "Murua Uriak dioen bezala, egun indarrean lege jakin bat dago, eta hori bete behar izateak egiturazko ahulezia sortzen dio Jaurlaritzari. Hori ukaezina da, eta kontua da nola eman irtenbidea. Uste dut une honetan inportantea dela guztion artean prozesu bat martxan jartzea egiturazko ahulezia horiek gainditzeko bideak jartzeko. Guztion artean hori gainditzeko konpromisoa eskatuko nuke", adierazi du.

EAko komunikazio idazkari Onintza Lasak erantzun dio eurek ere konpromiso horren beharra ikusten dutela, baina EAJ uzkur samar ikusten dutela bide horretan abiatzeko.

Aralarreko koordinatzaileorde Mikel Basabek Batasuna legez kanporatua egon arren indar politiko bat dela nabarmendu du, gizartearen zati baten babesa duela, eta hei horretan eskuideen jabe dela.

Horren guztiaren aurka agertu da PPko legebiltzarkide Laura Garrido. Garridok Batasunaren aurka hartu diren azken neurriak defenditu ditu, eta horiek zein, oro har, Espainiako Alderdien Legea demokraziarentzako onuragarriak izan direla aldarrikatu du.

Ibarretxe eta Otegiren arteko bilera

Vocento taldeko egunkariek gaur plazaratu dute Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria Arnaldo Otegi Batasuneko buruarekin batzartu zela atzo. Olanok ez du zuenean informazio hori baieztatu, baina bilera egin dela iradoki du. Egun "hitzegitea" garrantzitsua dela azpimarrratu du, eta ildo horretatik, bilera horren edukia Batasunari ezarritako debekuek"esperantzari egin dioten kalte handiaren"eta egoera horri buelta emateko aukerei buruzkoa izango zela uste duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.