Espainiako Eguberrietako zozketaren hiru sari egokitu dira Hego Euskal Herrian. Hirugarren saria, 2.184 zenbakia, Barakaldon (Bizkaia) eta Azpeitian (Gipuzkoa) erori da; serie bakoitzeko 500.000 eurorekin. Zenbakia Barakaldoko Uribe Merindadea kaleko eta Azpeitiko Kale Nagusiko administrazioetan saldutakoa da. Lizarrako (Nafarroa) administrazio batek ere eduki zuen zenbaki hori salgai, baina itzuli egin zuten.
Laugarren sari oso bat, 12.249 zenbakia, Bilbon tokatu da; serie bakoitzeko 200.000 eurorekin.
Bestalde, zozketako zortzi bosgarren sarietatik sei egokitu dira Hego Euskal Herrian. Bizkaiko –Bilbo, Leioa, Muskiz, Sestao, Portugalete eta Zalla–, Nafarroako –Iruñea– eta Gipuzkoako –Errenteria– administrazioek saldutako 3.643, 8.128, 33.003, 34.001, 57.038 eta 62.718 zenbakiak izan dira sarituak, serie bakoitzeko 60.000 eurorekin.
3.643 zenbakia Bilboko Lauaxeta enparantzako eta Urkixo Zumarkaleko administrazioetan saldutakoa da, baita Zallako eta Muskizeko administrazioetan ere. 8.128 zenbakia ere Bilbon saldutakoa da, Lauaxeta enparantzako eta Poza kaleko administrazioetan. 33.033 zenbakia, aldiz, Sestaoko administrazio batek saldutakoa da, Iberia kalean. Bilbon egokitu da Urkixo Zumarkalean saldutako 57.038 zenbakiari dagokion saria, eta Portugaleten, Castaños Jenerala kaleko administrazioan saldutako 34.001 zenbakiarena. Eta 62.718 zenbakia, Leioa, Iruñea eta Errenteriako administrazioetan saldutakoa da; Peruri auzoan, Gaztelu enparantzan eta Aita Donosti kalean, hurrenez hurren.
Gabonetako loteriaren lehengo saria 58.268 zenbakiarentzat izan da eta Hueskan (Espainia) tokatu da, Grañen herrian. Baina Lesakan (Nafarroa) ere bada. Izan ere, ehiztari kuadrilla batek Huescan erosi zituen billeteak. 400.000 euroko saria egokitu zaie billeteko.
Hego Euskal Herrian 226 milioi euro jokatu dira guztira. Gehien Bizkaian eta horren ondotik, hurrenez hurren, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan.