Espainiako armadako militarrak Elgetan (Gipuzkoa) maniobrak egiten ari dira goizetik, Oxel Erostarbe Elgetako alkateak baieztatu duenez. Erostarbek salatu du "probokazioa" eta "errespetu falta" dela. Aralarrek kaleratutako ohar batean eskatu die "berehala" euren jarduera eteteko. "Aralarrek ez du ulertzen XXI. mendean egonda nola armada herri batera sar daitekeen maniobra militarrak egiteko, herritarrak izutuz eta beren eguneroko jardunean traba eginez".
Bihar 20:00etan, herriko plazan, elkarretaratzea egingo dute, Egia, justizia, kalte-ordaina, zauriak ixteko askatasunez bizitzeko leloarekin.
Gipuzkoako Aldundiak salatu du Espainiako armadak egindako maniobrak "oso gertaera larriak eta onartezinak" direla.
Gaur 75 urte bete dira Intxortako frontea erori zenetik. 1936ko irailean errepublikano eta nazionalista gudariak gogor saiatu ziren Elgetan tropa frankistak eusten. Zazpi hilabete egin zituzten borrokan.
Igandean omenaldia egin zuten herrian, "kolpe faxistaren ondorioak eta horiek jasan zituztenak oroitzeko".