Espainiako militarrek maniobrak eginez utzi dute Faisaien Uhartea

Abuztuaren 1arekin, Espainiako Gobernuaren jurisdikzioa utzi, eta Frantziako Gobernuaren menpera pasatzen da Irun eta Hendaia arteko irla. Gaur maniobrak egin dituzte Espainiako militarrek irlaren inguruan, lekukoek BERRIAri azaldu diotenez.

Agintea trukatzeko ekitaldia, 2012an; artxiboko irudia. BERRIA
2019ko uztailaren 31
09:37
Entzun

Bidasoa ibaiaren erdian dago Faisaien Uhartea, munduko jabekidetzarik txikiena dena, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean. 6.820 metro koadro besterik ez ditu; lur mutur luzexko bat da, eta aspalditik izan da militarren interesekoa, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugan baitago. Espainiako armadak haren agintepean eduki du uztailaren 31 hau arte, eta abuztuaren 1etik aurrera Frantziako militarren esku egongo da. Espainiako soldaduek ez dute irla utzi nahi izan, maniobra militar deigarri batzuk egin gabe, lekuko batzuek BERRIAri jakinarazi diotenez.

Bi estatuen arteko gatazka askoren testigu izan da irla, eta mende askotan lur zati hori bera ere gatazkarako gai izan da. 1659. urteko azaroan, irla hartan bertan bildu ziren Luis XIV.a eta Felipe IV. erregeak, Hogeita hamar Urteko Gerraren bake hitzarmena sinatzera. Handik hilabete batzuetara berriro elkartu ziren leku berean, irla txiki horretan; Felipe IV.ak bere alaba, Maria Teresa de Austria, ezkongai entregatu zion Frantziako erregeari orduko hartan. Pirinioetako Hitzarmena deitu zioten akordio hari.

Urte batzuk lehenago, 1615ean, irla horretan bertan hitzartu zuten Felipe IV. Frantziako orduko erregearen alabarekin ezkonduko zela. Henrike III. Nafarroakoa eta IV. Frantziakoa zen erregea, eta Isabel zuen alaba. Bi erreinuen arteko gatazkak bideratzeko topaleku usua izan zen lur zati txiki hori. Lehenago ere, han bilduak ziren Henrike IV.a Gaztelakoa eta Luis XI.a Frantziakoa, adibidez.

Pirinioetako Hitzarmena sinatuta ere, Espainiak eta Frantziak jarraitu zuten gatazkekin eta gerrekin. XIX. mendearen erdialdera, Napoleon III. Frantziakoa eta Isabel II.a Espainiakoa berriro elkartu ziren, eta Baionako Hitzarmenetan adostu zituzten bi herrialdeen mugak. Hitzarmen horietako lehen testuan, 1856an sinatutakoan, Faisaien Uhartearen subiranokidetza onartu zuten, baina nola kudeatuko zuten argitu gabe.

Azkenean, Frantziak eta Espainiak 1901eko martxoaren 27an sinatu zuten akordioa. Haren arabera, irla erdibanatu egin zuten. Urtean, sei hilabeteko batean, Espainiaren mende egongo zen, eta beste sei hilabetekoan, Frantziaren mende. 1902an jarri zuten martxan ituna, zozketa bat eginda.

1908an datak aldatu zituzten; orduan zehaztu zuten abuztuaren 1etik urtarrilaren 31ra Frantziaren jurisdikziopean egongo zela, eta otsailaren 1etik uztailaren 31ra, Espainiaren mendekoan. 101 urte geroago, ohiturari eta akordioari eusten diote bi aldeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.