Euskal Herria

"Espainiako noraez autoritarioari aurre egiteko" deia egin du EH Bilduk, Iruñean

Indar independentistak bi mila lagun elkartu ditu urriaren 12aren kontrako mobilizazioan.

Bel Pozueta, gaur, ekitaldian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko urriaren 12a
20:43
Entzun

Iruñeko Antoniutti parketik abiatu da EH Bilduren manifestazioa, 17:00etan, Bagoaz! leloko pankartaren atzetik. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako EH Bilduko zerrendaburuek eusten zioten pankartari: Mertxe Aizpuruak, Iñaki Ruiz de Pinedok, Okar Matutek eta Bel Pozuetak, besteak beste. Manifestazioan parte hartu dute Sortuko eta EAko beste hainbat kargudunek ere; esaterako, Maiorga Ramirezek, Bakartxo Ruizek eta Arkaitz Rodrigezek.

Antoniutti parkea atzean utzita eta Baionako etorbidean gora, Donibane auzoa zeharkatu dute manifestariek, Anaitasuna kiroldegiraino. "Independentzia!", "alde hemendik, utzi bakean", "Altsasukoak askatu" eta "presoak kalera, amnistia osoa" oihuak entzun dira ibilbide osoan.

Ekitaldiaren hasieran, Unai Muguruza DJak omenaldi musikala egin dio bere osaba Iñigo Muguruza zenari, eta, horren ostean, oholtza gainera igo da Espainiako hauteskundeetan Nafarroako zerrendaburu izanen den Bel Pozueta. Txalo zaparrada jaso du altsasuarrak, Anaitasunan bildutako ikusle guztiak zutik jarrita. Egungo egoera politikoa futbolarekin alderatu du Pozuetak: "Bi partida latz jokatu ditugu Madrilen azken urteetan. Biak ala biak etxetik kanpo jokatutakoak eta epailea kontra izanik".

Madrilera itzuliko direla esan du Nafarroako zerrendaburuak, "talde bikaina dugulako", eta nabarmendu du "justizia" exijitzera joanen direla Espainiako gorteetara: "Jendeak galdetzen digu ea benetan sinisten ote dugun Espainiako Estatuak onartu eta aitortuko duenik gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea. Argi dago ezetz. Gustatuko litzaiguke, baina ez. Eta hori gabe, independentzia da herri gisa existitzen segitzeko modu bakarra, independentzia da eskubide sozialak bermatzeko bide bakarra, eta gizarte bidezko eta berdinzale bat eraikitzeko era bakarra".

Pozuetaren ostean, ekitaldian parte hartzekoa zen Arnaldo Otegi, baina ez du Iruñera etortzerik izan, osasun arazoengatik. Haren ordez, Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak hartu du hitza: "Ez gara tratutan arituko apurrengatik, eta ez ditugu eskubideak negoziatuko. Eskubideak ez baitira negoziagai. Erabili egin behar dira".

Matutek azpimarratu du "galga" jarri nahi diotela "Espainiako Estatuaren noraez autoritarioari", eta, orain arte, "emandako hitza bete" egin dutela: "Esan genuen gure botoekin harresi bat eraikiko genuela eskuin muturraren aurka, eta hala izan da. Besteen zain gaude orain, beren esku zegoena noiz beteko".

Bizkaiko zerrendaburuak, azkenik, gorazarre egin die pentsiodunei, mugimendu feministari, gazteei eta baita Kataluniako, Ekuadorko eta Kurdistango herritarrei ere.

Mobilizazio gehiago

EH Bilduk Iruñean antolatutakoa, baina, ez da izan Urriak 12aren karira antolatutako protesta ekintza bakarra. Aurretik, eguerdi aldean, Iruñeko Alde Zaharreko karrikak zeharkatu ditu AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren manifestazioak ere. Euskal Herritik alde egiteko eskatu diete «Espainiako nahiz Frantziako okupazio indarrei», eta amnistia aldarrikatu dute euskal preso guztientzat. Protesta ekintzaren bukaeran, San Frantzisko plazan, antolatzaileek adierazi dute Euskal Herria "herri okupatua dela, baina ez garaitua".

Bilbon, berriz, "alarde antifaxista" egin dute gaur arratsaldean. Eusko Gudarostea omendu dute: 1936-1939ko erresistentzian parte hartu zuten miliziano eta gudarien antzera jantzita atera dira antolatzaileak, eta horien atzetik igaro da manifestazioa, Arriaga plazaraino. Ikasle Abertzaleek ere egin dute protestarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.