euskal herria

Espainiako ordezkariaren kargua elkarrekin ezabatzea proposatu dio Sortuk EAJri

Sorturen ustez, bakearen etsaia da Urkijo, eta haren eginbehar bakarra bake prozesua boikotatzea dela salatu du.

2013ko abuztuaren 16a
16:11
Entzun

Bilboko txupineraren eta Laudioko pregoilariaren aferak salatu ditu gaur Sortuk. Alderdi horren ustez, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn "ez da inor Euskal Herriko jaietan zein txupinera edo zein pregoilari aukeratu behar den esateko". Jaiak antolatzeko "askatasunaren aurkako erasoak" iruditzen zaizkio Sorturi Urkijoren debeku eskariak, eta horrek haren aurkako haserrea "areagotu du" Euskal Herrian.

"Salaketa hutsetik harago" joan nahi izan du Joxean Agirrek, eta adierazi du beharrezkoa dela Espainiako Gobernuaren ordezkariaren figuraren inguruko "hausnarketa serio eta sakon bat" egitea. Horregatik, gainontzeko eragile politiko eta sozialei eta, batez ere, EAJri dei egin die irailetik aurrera kargu hori ezabatzeko helburua izango duen egitasmo politiko bateratu bat martxan jartzeko. Irudi hori, "inposatua" izateaz gain, funtzio politiko jakin batzuk betetzen ari da, Sorturen ustez: "Bakea eta normalizaziorako ibilbidea oztopatzeko Espainiak jarritako kargu publiko bat da, eta iritsi da nahikoa dela esateko garaia".

"Euskal Herrian, gai baldin bagara erasoen aurka herri harresiak eraikitzeko eta eraso bakoitzaren aurka ekimenez eta indarra metatuz erantzuteko, gero eta hurbilago egongo da gure herriak behar duen jokaleku demokratikoa", esan du Agirrek.

Horrez gain, igandean, Sortuk ekitaldi publiko bat egingo du Zarautzen (Gipuzkoa), eta Joseba Permachek Euskal Herriko egoera politikoari buruz hitz egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.