Joan den astean Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean polemika piztu zen, Iñigo Urkulluren gobernua ez zetorrelako bat ostalaritzaren itxieraren inguruan Madrilek ezarritako baldintzekin. Jaurlaritzak ez ezik, Espainiako beste erkidegoetako gobernuek ere ez zituzten ontzat jo Osasun Ministerioak erabakitako neurriak. Bada, Carolina Darias ministroak zuzentzen duen ministerioak atzera egin du, eta dokumentu berri bat prestatzen ari da ostalaritza eta gaueko aisialdia arautzeko. Madrilek erkidegoei bidali dien zirriborro batean proposatu die ostalaritzarako erabakitako murrizketak bertan behera uztea, eta gaueko aisialdia irekitzeko baimena ematea, baita arrisku ertaineko eta maila baxuko eremuetan ere. Hala ere, neurri berriak pandemiaren bilakaeraren arabera «berrikusi eta malgutu» egingo dira.
Espainiako Osasun Ministerioak bart bidali zien zirriborroa erkidegoei. Bertan, Osasun Sailak aldatu egin du joan den astean Lurralde arteko Osasun Kontseiluan onartutako eta larunbatean Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratutako araua. Zehazki, Osasun Ministerioren planteamendu berriaren arabera, joan den astean ostalaritzarekin lotuta hartutako neurriak bertan behera geratuko dira. Besteak beste, ez da beharrezkoa izango ostalaritza barrukoak ixtea intzidentzia tasa 150 kasutik gorakoa baldin bada. Halaber, gaueko aisialdiari lotutako atala aldatu egin du ministerioak: gaueko aisialdiak 02:00ak arte ireki ahal zuen lehen mailako alerta egoeran zeuden eremuetan, baina Osasun Ministerioaren zirriborroak jasotzen du bigarren alerta mailan dauden eremuetan ere ordu horretan itxi ahal izango dutela.
Espainiako Osasun Ministerioak ostalaritzaren murrizketak bertan behera uztea proposatu du
Ostalaritza eta gaueko aisialdia arautzeko dokumentu berri bat prestatzen ari da, eta zirriborroa bidali die erkidegoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu