Erasoak

Espainiako Osasun Ministerioaren egoitzari Donostian, UGTrenari Barakaldon, eta PSErenari Bermeon eraso diete

Hiru egoitzaren aurkako erasoak izan dira bart gauean eta goizaldean. Donostian, Espainiako Osasun Ministerioaren egoitzaren aurka 'molotov koktelak' jaurti dituzte, Lasala plazan. Barakaldon (Bizkaia), berriz, UGTren egoitzari eraso diote, han ere 'molotov koktelekin'. Azkenik, Bermeon (Bizkaia) pinturarekin zikindu dituzte PSE-EEren egoitzako atariko hormak.

2005eko otsailaren 12a
13:03
Entzun
Donostiako erasoa gauerdia baino ordu erdi lehenago jazo zen: pertsona talde batek Espainiako Osasun Ministerioaren egoitzaren kontra'molotov koktelak' jaurti zituela jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Halaber, atean kalte txiki batzuk baino ez dituztela eragin. Hasiera batean, egoitza Jaurlaritzako Osasun Sailarena zela zabaldu da, baina ez dela eurena argitu dute Gasteizko Gobernuko iturriek.

Goizaldera, lau 'koktel' bota dituzte Barakaldoko UGTren egoitzara, bat atearen kontra, eta beste hirurak lehenengo pisuko balkoira. Erasoaren ondorioz, fatxada belztuta geratu da, eta bi pertsiana hondatu dira. Urtebeteko epean egoitza horrek jasan duen bosgarren erasoa da.

Bermeoko erasoa, azkenik, goizeko zazpiak aldera izan da: pintura bota dute atariko hormetara, eta halaber, zenbait pintada egin dituzte.

Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburuak eraso horiek gaitzetsi ditu, bereziki, Barakaldoko UGTren egoitzaren aurkakoa, iruditzen baitzaio hainbestetan eraso egiteak "ankerkeria" berezia adierazten duela. Ekintza horiek "onartezinak" direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.