Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu ditu bart Iruñeko Alde Zaharrean, gazte batzuen eta polizien artean izandako liskarren ondoren. Ustez kale erasoetan parte hartu duten sei gazte atzeman ditu aste honetan Espainiako Poliziak Burlatan (Nafarroa), eta horren kontra protesta egin zuten atzo gauean hainbat pertsonek Nafarroako hiriburuan.
Hamar atxiloketetatik sei Espainiako Poliziak egin ditu, atzo gaueko hamaikak aldera. Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Ordezkaritzaren arabera, gaueko hamarretan 30 bat gazte edukiontziak gurutzatzen hasi ziren Parte Zaharrean, hauetako batzuei su ematen ere bai, eta banketxeen kontra ere egin zuten. Poliziak azaldu zirenean, gazteen eta haien artean liskarrak izan ziren, eta orduan atzeman zituzten sei lagun, Tejeria karrikako lokal batean, Gobernuaren Ordekaritzak esan duenez.
R.Z.M., M.A.Z., I.E.Z., J.V.G., I.L.O. eta D.O.G. dira atxilotuak. Haietako bik 15 urte dituzte, beste bik 16 eta beste bik 20. Denak iruñearrak dira, bat salbu; Atarrabiakoa (Nafarroa) da hori. Desordenu publikoetan parte hartzea egotzi diete, "eta, kasuren batean, baita polizien kontra egitea ere agian". Bi polizia min hartuta daude.
Beste lau lagunak Udaltzaingoak atzeman ditu, goizeko hiru eta erdiak aldera. Pixka bat lehenago beste eraso batzuk egin dituzte ezezagun batzuek Parte Zaharrean, eta udaltzainei botilak eta harriak bota dizkiete, Udaltzaingoak esan duenez. Ez dute atxilotu horien xehetasun askorik jakinarazi, baina hiru, behintzat, adin txikikoak dira.
"Etsigarria da hamar atxilotuen artetik zazpi 18 urtez azpikoak izatea", adierazi du Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Ordezkaritzak.
Atxiloketak
Espainiako Poliziak eta Udaltzaingoak hamar lagun atxilotu dituzte Iruñean izandako liskarretan
Poliziak sei gazte atzeman zituen atzo gauean eta udaltzainek beste lau goizeko hiru eta erdiak aldera. Hamar lagunetatik zazpi, 18 urtez azpikoak dira. Aste honetako atxiloketak salatzeko egindako protestaren ondoren sortu ziren liskarrak atzo gauean, eta goizean jarraitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu