Espainiako Poliziak Josu Rodriguez Mallabiarrena ustezko ETAko kidea atxilotu du Bilbon, Espainiko Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Rodriguez aurretik ere auzipetua izan da talde armatuan parte hartzea egotzita.
Aste honetan eginiko bosgarren atxiloketa da. Izan ere, atzo, Antton Troitino eta Iñaki Lerin atxilotu zituen Erresuma Batuko Poliziak, Londresen, Espainiako Poliziarekin koordinatutako operazio batean.
Asteartean ere, Frantziako Poliziak ustezko bi etakide atxilotu zituen Okzitaniako Tolosatik gertu, Albin herrian. Ugaitz Errazkin hernaniarra (Gipuzkoa) eta Jose Javier Oses burlatarra (Nafarroa) dira atxilotuak. Ostiralean epaileak testigantza hartu zien, eta Frantziako iturri judizialen arabera, talde armatuko kide izatea leporatu zaie gaur. Asteartetik ostirala bitartean inkomunikatuta izan zituzten Tolosako polizia etxean.
Bestalde, azken atxiloketak salatzeko, "konponbide garaia da" lelopean manifestazioa egin dute Donostian hainbat alderdi politiko eta eragilek deituta.