Atxiloketak

Espainiako Poliziak lau gazte nafar atxilotu ditu ETAko kide izatea egotzita

Aurken Sola, Sergio Boado, Xabier Rey eta Araitz Amatriain dira. Nafarroan atxilotu dituzte lehen hirurak, eta Amatriain Valentzian. Rubalcaba Espainiako Barne ministroak "lehergailuak eta armak" atzeman dizkietela dio. Hala ere, operazioa "prebentiboa" dela erantsi du. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriz, azkenaldian atxilotu dituzten gazte nafarrek torturak salatu dituztela-eta bart atzemandakoen inguruko kezka agertu du.

2008ko urriaren 28a
17:09
Entzun
ETArekin zerikusia izatea egotzita lau gazte atxilotu ditu bart goizaldean Espainiako Poliziak. Atxiloketetatik hiru Nafarroan egin ditu: Aurken Sola eta Xabier Rey Iruñeko Alde Zaharrean atxilotu dituzte eta Sergio Boado Añorben. Araitz Amatriain, berriz, Valentzian (Herrialde Katalanak). Iruñekoak dira laurak, eta 26 eta 29 urte artean dauzkate. Inkomunikatuta dituzte.

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agertu duenez, zenbait miaketa ere egin ditu Poliziak. Hain zuzen ere, Iruñeko Alde Zaharrean Xabier Rey eta Araitz Amatriainen etxea arakatu dute (bikotekideak dira bi atxilotu horiek), Reyren gurasoena Donibane auzoan, Boadorena Añorben eta Aurken Solaren gurasoena Iruñeko Eslava kalean. Hain justu, Gara.net-ek plazaratu duenez, 10:45 inguruan amaitu dute miaketa hori. Gainera, 10:00ak inguruan Sola bera hara eraman dutela zehaztu du iturri horrek, eta aurretik erietxera eraman dutela.

Lehergailak eta armak atzeman dizkiete, Rubalcabaren arabera

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak atxilotuei "lehergailuak eta armak" atzeman dizkietela ziurtatu du: "ETAko komandoa osatzen zuten atxilotuek eta atentatuak egiteko prestatuta zeuden". Nolanahi ere, "operazio prebentiboa" dela erantsi du, "askoz ere hobea da prebenitzea sendatzea baino", azpimarratu du. Poliziak agertu du atxilotuek lehergailuak eta armak zituzten loja baten bila dabiltzala, eta iturri batzuen arabera, dagoeneko aurkitu dituzte 100 kilo lehergai inguru. Bi errebolber ere atzeman dituzte, haiek diotenez.

"Tortura arriskua" eta Aurken Solaren kasua

AAMk, berriz, gogoarazi du azkenaldian Nafarroan hainbat gazte atxilotu dituztela eta inkomunikatuta eduki dituzten bitartean torturatu egin dituztela salatu dutela. Hori dela-eta, bart gaueko atxilotuek ere torturatuak izateko arriskua dutela azpimarratu du AAMk.

Aurken Sola 2002an atxilotu zuten, eta torturak salatu zituen. Bi urte espetxean eduki ondoren, errugabetuta libre utzi zuten haren kontrako akusazioek oinarri faltsua zutela-eta.

Gaur Iruñean Donibane auzoan 20:00etatik aurrera batzarra eta mobilizazioa egingo dituzte, Asuncion plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.