Espainiako Poliziaren arabera, bortitzagoak dira antifaxistak ultraeskuindarrak baino

Azken aldian egin dituzten erasoei garrantzia kendu diete; aldiz, ezker muturreko talde batzuk "arriskutsuak" direla nabarmendu dute, "Batasunarekin eta Segirekin harremana dutelako". Joan den igandean ultraeskuindar batek -Espainiako Armadako soldadua zen- 16 urteko antifaxista bat hil zuen Madrilen, labankadaka. Intolerantziaren Kontrako Mugimenduaren arabera, urtean 4.000 bat eraso egiten dituzte Espainian.

2007ko azaroaren 17a
17:47
Entzun
Espainiako Poliziaren iduriko, bortitzagoak eta arriskutsuagoak dira talde antifaxistetako kideak ultraeskuindarretakoak baino. Polizia horretako adituek hala adierazi diote Efe albiste agentziari.

Gainera, antifaxistak bortitzagoak eta arriskutsuagoak direla arrazoitzeko ezker abertzalearekin harremana dutela diote, Batasunarekin eta Segirekin; areago, "kale borrokako zenbait buruzagi" Madrilen izan direla erantsi dute iturri horiek, antifaxistek kale erasoei buruzko "ikastaroak" ematen.

Aldiz, azkenaldian ulstraeskuindarrek egin dituzten erasoei garrantzia kentzen diete Espainiako Poliziako adituek, nahiz eta joan den igandean bertan 24 urteko neonazi batek -gainera, Espainiako armadako soldadua da- 16 urteko gazte antifaxista bat labanarekin hil eta beste bat larri zauritu zuen arren.Eraso horiei garrantzia kentzeko, ulstraeskuindarrek normalean bakarka egiten dituztela argudiatu dute Poliziako iturriek eta ez talde antolatu gisa. Hain zuzen ere, joan den igandeko hilketa jarri dute horren adibide, erasotzaileak bakarka jokatu zuela nabarmenduz, eta Democracia Nazional talde ulstraeskuindarrak immigranteen kontra antolatutako manifestazio baten ingurumarietan gertatu zela hilketa aintzat hartu gabe.

Halaber, ultraeskuindarren eta antifaxisten artean izan diren liskarrak gazte taldeen arteko borrokatzat jo dituzte Poliziako adituek, ez diete garrantziarik eman, eta arestian aipatu bezala, arriskutsuak ezker muturreko talde batzuk soilik direla azpimarratu dute.

Espainiako Poliziako adituek Eferi emandako azalpen horiek talka egiten dute azkenaldeko gertakariekin -joan den igandeko hilketa- eta Intolerantziaren Aurkako Mugimenduak agentzia beraren bidez eman dituen datuekin: urtean 4.000 eraso inguru egiten dituzte ultraeskuindarrek Espainian, immigrante, homosexual eta etxerik gabekoen aurka. Mugimendu horrek uste du 10.000 bat ultra daudela Espainian, eta ehun bat webgune kudeatzen dituztela.

Aldiz, Espainiako Poliziaren arabera, 2.800 ultra bortxazale daude Espainian -eskuinekoak zein ezker muturreko mugimenduak sortzen ditu zaku horretan-, eta horietatik ulstraeskuindarrak 800 dira eta ezker muturrekoak 2.000.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.